Inutila

Erabiltzailearen aurpegia Alakrana 2013ko urr. 30a, 11:06

Aspaldi ez naiz gaur bezain inutila sentitu. Eta oraintxe esango dut zergatik.

Telebistarako grabatzen ari garen erreportajearen gidoiak hala eskatuta, sarea jasotzera joan gara goizean Serafin eta biok. Dani kamararekin geratu da, gure joan etorriak betikotzen ditxosozko aparailu digitalean. Maleta zarpailean nituen erroparik zaharrenak hartu, eta hantxe joan naiz sarea alatzera (horrelaxe esaten diogu kostan sarea txukun-txukun tolesteari) gure audio teknikariaren laguntzarekin. Itsasoan urteak egina da Serafin eta badaki marinel tartean sartu eta zer egin behar den sarea txukun-txukun jarrita uzteko, hurrengo sarekadan garbi-garbi itsasoratu dadin korapilatu gabe. Prozesua hauxe da: sarea arrantzarako uretara bota ondoren jaso egin behar da, eta jaso ahala atzeko txopan tolestuta utzi. Sarea makina hidrauliko indartsu batzuek ekartzen dute baborreko karelela, handik gora altxatzen dute 20 metro ingurura dagoen aladore batera, eta aladoretik behera hasten da marinelen lana.

Sartu gara ba, beste bederatzi afrikarrek eta bi galiziarrek osatutako sare-biltzaile kuadrilara beharrera. Eta orduntxe hasi da festa. Serafin ondo moldatu da baina nik tente egoten ere nahikoa lan banuen. Orioko hondartzan dauden ahate horietako bat ematen nuen, lagundu nahi eta ezinik, eta okerragoa dena, lanean fin asko ari ziren arrantzaleei enbarazu egiten. Inutil halakoa, pentsatu dut. Gogora etorri zaizkit arraunlari nintzen garaian gure entrenatzaile batek esaten zituen esaldi gogoangarrri haietako batzuk: “abante egiten ez badek ere, gutxienez ziarik etzak egin, inutila”, edo“ alde egin ezak enbazutik, gizajo horrek”. Mr. Bean bainitzan, aladoretik erortzen zen sare katramilaren erdian guztien farreen eragile izan naiz. “Íbon”, esaten zidaten Senegaldarrek, horrela, izenaren lehenengo silabaren “i” horretan azentua indartuz, “fuera de ahí”. “Íbon, manos arriba” bota dit Musak, eta piratak ote zetozen ere pentsatu dut instante batez. Inutila. Inutil hutsa sentitu naiz lehenengo ordu erdi pasatxoan, eta gainera, leher eginda bukatu dut.

Hasierako show-a bukatu eta erridikuluak hain penagarria izateari utzi dionean, sarearen atzekaldera bidali naute, sarea ekartzea errazagoa den toki batera. Eta han, arnasa eta bihotza bere onera etorri zaizkidanean, pentsatu dut zergatik ez ote nekien nik sarerik alatzen. Zergatik ez ote dakigun gaur eguneko sasoiko euskaldun gehienek sarea alatzen, edo aparejuak egiten, lupiak harrapatzen, antxoa salmueran jartzen, potakarra eta parrotxa bereizten, euria dakarten hodeiak begiratzen, ontziak kalafateatzen, Urdaneta nor zen eta abar eta abar.Abar oso luzea. Burura etorri zait duela mende batzuk itsasoan mundo mailan abangoardia eta erreferentzia izan den herri bat zergatik bizi ote den itsasoari erabat bizkarra emanda, bere izaera marinelen eta sare jostunen azaleko zimurretan zailduta utzi duen kulturari zergatik ote diogun hain errespetu gutxi. Alegia, sarean traszendente jarri naizela eta erantzun jakina duten itaunak egin dizkiodala neure buruari.

Hartan, nire hobekuntzaz ohartu eta katera joateko agindua eman dit Kuisik, Alakranako katezale ghanatarrak. Itsasora botatzen denean, ur azpian ondo kalatu dezan katea astun bat darama sareak, eta kate hori sarearekin batera txukun-txukun utzi behar izaten da atzeko kubiertan. Ontziko zeregin guztietan zailena ez, gogorrena ere ez akaso, baina fisikoki esfortzu gehien eskatzen duena da katea jasotzea. Azken egunotako nire apetitoaz ohartuta eta morrosko egoskorraren itxura ikusita, katera bidali naute, esan bezala. Hobetu moldatu naiz han, segur aski, sarea jasotzen baino talentu gutxiago behar delako, eta indar ero gehiago. Ez dut uste aparteko erridikulurik egin dudanik, parranda egin osteko traineruko entrenamenduetan baino gehiago sufritu dut, baina etxerako babarrunak itsasoan irabazten dituzten gizasemeen artean ez naiz hain inutila sentitu. Ez da gutxi.

Oso ondo jarraitzen dugu. Apetito galantarekin. Eskuminak danoi. Batez ere aitari, internetik ez du eta erabiltzen.

IBON GAZTAÑAZPI

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide