Hamahirugarren eguna dugu Alakranan eta dagoeneko baporeko bizimodura egokitu gara. Hasieran gure arreta pizten zuten hainbat kontu guztiz arruntak bihurtu zaizkigu bi aste eskas pasa ondoren. Adibidez, dagoeneko ez gara harritzen ogitartekoaren garaian jantokira jaitsi eta sukaldaria eta marinelak elkarri asto beltzarenak eta bi esaten entzuten ditugunean. Ontziratu ginenean une batetik bestera mutur joka hasi behar zutela pentsatzen genuen, berez elkarri adarra jotzen ari direnean soilik. Sarea jaso ondoren arrantzaleak arropa kendu gabe dutxatzen ikustea ere eguneroko ogia da guretzat; arropak gezatzen ari dira, besterik ez. Indikoko klima itogarriak eta kubiertako lan nekezak eragindako egarria lasaitzeko kubiertako marinelek erabiltzen duten ur bidoiaren etiketak ere ez du gugan harridura keinurik hutsalena sortzen dagoeneko, bidoia berez “DESENGRASANTE ANTIESTATICO” izeneko produktua jasotzeko izan arren. Hala dira kontuak hemen, eta esan bezala, hontara ere ohitu gara. Beharko ohitu, hemendik ezin baita inora alde egin!
Bada kontu bat, ordea, hamahiru egun pasa izanagatik ni zur eta lur naukana oraindik. Dagoeneko bitan edo hirutan esan dudan moduan, Alakranan mundo zabaletik etorritako 45 lagun gaude ontziratuak. Hemen badira indonesiarrak, seychelletakoak, ghanatarrak, senegaldarrak, ugandarrak, andaluziarrak, murtziarrak, madrildarrak, galiziarrak, euskaldunak eta bermeotarrak, noski, (beno, eta orain getxoztar bat eta bi oriotar). Propio bereiztu ditut euskaldunak eta bermeotarrak, ez bermeotarrak Tubalen leinutik ez datozelako, (gure Jaungoikoak libra nazala; horixe bakarrik behar nuen, aurten pasa dugun iraila pasa eta gero), baizik eta eskifaiko gainerako itsasgizonen hizkeran Sollube magaletik ekarritako berba batek daukan presentziagatik.
Alakranan bada hitz majiko bat, hitz klabe bat, nonahi, noiznahi, nornahik erabiltzen duena edozein hizkuntzan ari delarik ere. Hauxe da hitza: txo. Txo gora eta txo behera, bazkalondoan zein afalondoan, hala arrantzari buruz nola larru kontuei buruz, kubiertan edo makinan. Txo, txo eta txo. Beti txo. “Deixate do caralladas y conachadas, txo!”, entzun nuen aurrekoan bi galiziarren arteko elkarrizketan. Seguritateko buruari, legioan eta halakoetan gerran ibilitako mutil moztaka trinko bati galdera bat egin eta hauxe bota zigun: “¿Pero tú que crees? ¡En el Congo no se andan con ostias, txo!”. Senegaldarrek eta gainerako afrikarrek ere hitzetik hortzera darabilte baina modu oso berezian ahoztatuz: txo esan beharrean tto esaten baitute, aditza beti infinitiboan darabilten euren hizkeran. Atzeko mastan arrain bila katalejutatik begira zegoen Alaieri entzundakoa, horra: “Íbon, hoy no pescau, no pescau, tto”. Erabateko normaltasunez erabiltzen da makulua, eztabaidetan, solasaldi serio askoetan edo txantxa giroan.
Eta bermeotarrei buruz, zer esango dut ba? Beraiek izanik hitz majikoaren esportatzaileak ez nindukeela harritu beharko ditxotxosko txo hori guztiok nazkatu hartu erabiltzeak. Ez da hala, ordea, eta puntu honetan ere nire belarri finak topatu du guztion harridurarako elementu bat. Hitz bereizgarria esaldi bakoitzeko bi aldiz erabiltzen dute, batez ere beraien artean ari direnean. “Txo, nok lapurtu eutson ba aurton banderie bermeori, txo?” . Halako zerbait entzun nauen aurreko batean. Badaezpada ere, handik alde egin eta kareletik salto egitekoan egon nintzen, txo, begiak handi handi eginda, entzuten nuena sinistu ezinik.
Gure grabaketa taldean ere izurritea bezala zabaldu da bermeotarrek mundo zabalera eramandako hiru hizkiko monosilabikoa, eta beste modu batera ezin zitekeen bezala, gure audio teknikari Serafin eta biok Orion txikitatik entzun dugun txotxo jator askoa baztertu eta hitz malapartatua erabiltzen hasi gara. “Hau dek arrayokeya, txo!” edo “etziok gu bezelakoik, txo!”; horrelakoak botatzen ditugu noiznahi, gure herriko, Orioko txotxo bereizle eta dotore hori albo batera lagata. Ez daukagu barkamenik. Baina ojo!, ez ditzala inork gauzak nahastu. Gauzak argitze aldera esan dezadan txotxo aipatzean hitzaren euskarazko esanahiari buruz ari naiz; alegia, bermeotarren txo eta getariarren txalupa mutila hitzaren sinonimoaz, gaztelaniaz grumete edo marmitón moduan itzultzen den horretaz…Ez bestelako kontuetaz. Alegia, txo, txotxo, txalupa mutila eta grumete sinonimoak direla
Pentsa zer neurritaraino den unibertsala ele magikoa, ezen indonesiarren artean ere edozein garaitan entzun daitekeen. Oker ez banago, une honetan sei indonesiar daude baporean, zein baino zein irrifarretsuagoak eta zein baino zein langileagoak. Asko ikasten ari gara beraiekin. Besteak beste, egunero gogoratzen digute aspaldi ikasia beharko genukeen ikasgai bat, oraindik gainditu ez duguna, eta nik behintzat, eguneroko zurrunbiloan sartuta askotan ahazten dudana; alegia, zoriontsu izateko garrantzitsuena ez dela itxura edo dirua, baizik eta armonia eta bake pixka bat….Baina ez nadin bidezidorretatik galdu. Txo hitza eta indonesiarrei buruz ari nintzen. Kontua da ekialdeko lagun hauen gaztelania, frantses eta ingeles maila oso baxua dela eta Alakranako gainerako itsasgizonek ikaragarrizko arazoak dituztela beraiekin ulertzeko. Baita guk ere.
Kontuak horrela, aste honetako bazkalondo batean euren kamainetara joan ginen elkarrizketak egitera. Hasieran lanak izan genituen elkar ulertzen hasten, baina Messi, Bartzelona eta Tximarron aipatu orduko komunikazioak nabarmen onera egin zuen. Geroago, ohartu nintzen esaldi bakoitza bukatzeko to antzeko zerbait erabiltzan zutela. Kolpetik beraien arteko zaharrenak, Ahmadek, esan zuen: “Mi, mucho trabajar, to!”. Orduan ikusi nuen norteko izarra; txo esaten ari ziren esaldiak amaitzeko. Sinistu ezinik, orduantxe erabaki nuen gaia blog honetara ekartzea. Beste pixka batean, ordea, haien gelan jarraitu genuen algara artean, ahal zen moduan berriketan. “You porno, to? Pendraif change, to. Porno, to!” esan zuen kolpetik Zuri izeneko beste lagunak, trukerako proposamena eginez. Gure flipea amaigabea zen.
Goia jo genuela uste genuean, atzo arraitokira jaitsi nintzen sarearen kable astuna aldatzen laguntzera. Maniobra erraza baina nekeza da, eta lanerako neure bi besoak eskaintzera joan nintzen. Gustura hartu ninduten. Indonesiarren burua, Ahmad, ari zen lanak zuzentzen. Garabian zegoen marinel galiziarrari berak ematen zion agindua grua altxatzeko eta jaisteko. Grua altxatzeko agindua ez nuen ulertu, baina gorputzaren mugimendu azkar batekin lagundutako orru oso ozen bat izan zen, eta entzun nuenean ikaratu nintzen karateko giltzaren bat egin behar ote zion indonesiar bigotedun hankamotzak garabizale galiziarrari. “Tranquilo, txo!” erantzun zion Baionako gallegoak. 1000 metro kable pasa genituenean garabia geratzeko agindua emateko garaia heldu zen. Stop edo halako zerbait esango zuela sinistuta nengoen. Baina berriro ere zerutik entzuteko moduko garrasia eginez eta berriro ere karateko giltza bat egitera baizihoan, oihu hauxe egin zion, Karate Kid pelikulako Miyagi haren imintzioa eginez: “Erria tikota, to!” Erria txikota, txo!
Jo ta ma geratu nintzen, man! Ez al da ona, tio!
P.D.: Aurrekoan indonesiarrekin ateratako argazki bat zintzilikatu dut.
IBON GAZTAÑAZPI