Familia

Erabiltzailearen aurpegia Alakrana 2013ko aza. 8a, 16:28

Orain arte esan ez badut ere, badaezpada, lehen bait lehen argi dezadan. Alakranan bizimodua gogorra da. Marinelen bizimodua oso gogorra da. Hemen ez dago ‘flowerpower’-ik. Blog honetan jarri dituguna argazkiak edo bideoak ikusita, inork pentsa lezake hau kruzero bat denik eta‘Queen Mary’-n gaudenik. Ezta gutxiagorik ere. Hau arrantza ontzi bat da, jendea lanera etortzen da, kontuari utzi eta arrantzara. Egiten bada ondo, eta bestela gaizki. Ez dago erdibiderik, epelkeriarik edota 35 orduko lan asterik. Balio duenak balio du, eta poteko esnea baino motelagokoak ez du balio. Gordina izan liteke baina hala da, bizimodua ere hala baita, gordina, ankerra eta minbera askotan. Nork esan zuen esan bizimodua erraza denik?

Ofizio gordina da, beraz, itsasoko hau, lehorreko beste hainbat bezala. Han ere badira ogibide putakume askoak eta hori atunontziko marinelek ederki asko dakite. Begira, bestela, zer esan digun gaur eguerdian engrasadoreetako batek, bermiotarrez: “Biher guztixak diz gogorrak, baita lehorrekuek be. Nik ez dodaz konparetan. Mineru batek ze esan bie dau, edo albañilak! ” Izango ez dira ba ofizio txarrak lehorrean! Begira bestela, esaterako, kamioizaleak, butanozaleak, haurtzaindegietako irakasleak, harginak, kontserba fabriketako peoiak, langabetuak,  fundizioko beharginak, jornalariak, ostalariak, enpresariak, taxistak, zaintzaileak, arraun adituak… Lanean fin eta serio aritu behar izanez gero, nahi adina ofizio sakrifikatu eta  gogor dago lehorrean ere.

Alakranako bizimodua ez da erraza, adibidez, makinistentzat. Orduak eta orduak eman behar izaten dituzte atunontziaren hesteetan eta bihotzean sartuta, berrogeita gehiago gradutik gora, taladro bat bailitzan entzumen zuntzak zulatzen dituen zarata etengabearen erdian, izarditan blai eta arropak grasa-putzuz zikinduta. Arrantza ontziaren garunean ere, puentean, bizimodua ez da xamurra. Galde diezaiotela bestela patroiari, kapitainari eta ofizialari. Egun osoa aparatuei begira, hainbat eta hainbat familien diru iturri den arraina ontziratzeko presioa menperatu ezinik, eguna joan eta eguna etorri uneoro erabakarik onena zein den asmatu ezinik. Eta kubiertako arrantzaleei buruz, zer esan dezakegu ba? Gizasemerik indartsuena ere errenditzeko moduko lantegi astuna dela, ordutegirik ez duena eta askotan saririk ere ez, arrainik gabeko sarekadak ere nahi baino gehiagotan izaten baitira. Jantzi bustiak soinean, orduak eta orduak ematen dituzte sarea alatzen edo katea jasotzen, kalma txuri-txurietan edo denborale berde-berdeetan, etxera eraman behar duten ogiaren truke kresalarekin, haizearekin edo eguzkia errearekin borroka luzeetan egoskortuta. Marea honetan dozena erdi bat aldiz jaitsi naiz ni sarera, gehienez eguneko behin, eta kontrariorik handienari ere ez opatzeko moduko pasarak hartu ditut. Lau eta bost etxadetako egunak ere ba omen dira.

Hemen badira, gainera, garbitzaileak, sukaldariak, txotxoak, kamareroak edo zelatariak, astegunik eta ordutegirik gabe lana egiten duen jendea. Lana egiten dueña diot, eta ez lanera doana; itsasoan zein lehorrean, lanera joatetik lana egitera aldea ikaragarria baita, arraina harrapatzetik ez harrapatzera dagoen berbera hain zuzen ere. Eta hari mutur honi heldu nahi diot esateko gure herrian, nire iritziz, lanerako fundamentuaren galerari buruz noizbait hitz egin beharko genukeela. Eskubideak baditugu, noski, gure aurrekoek ez bait zuten borroka alferrik egin langile jendearentzat baldintza duinak lortzeko eta gizarte klase modura errespetua irabazteko; baina obligazioak ere badira eta irudipena daukat, beti errua beste aldeari botatzera ohituta, obligazioen kontu hori ez ote zaigun ahazten ari. Gure aurrekoek zer egin dute ba, lana izan ez bada? Egun hauetan barruan hausnar hauxe ibili dut arrantzale hauen lanerako gaitasuna, prestutasuna eta konpetentzia ikusita eta idatzi arteko onik ez nuenez, horra, esana geratzen da.

Gatozen Alakranara. Hogeita gehiago egunetan elkarrizketa mordoska bat egin dugu baporean eta itsasoa gogorra zergatik den galdetu dugunean  erantzuna beti, salbuespenik gabe, berdina izan da: familia urruti dagoelako. ‘El Padrino’ filmaren trilogian Corleonetarrak entzun nituenetik sendiaren onurak goraipatzen, ez nuen sekula hainbeste aldiz aditu familia hitza. Inork ez digu erantzun itsasoko bizimodua gogorra denik ordu asko egon behar delako kubiertan sarea biltzen, puentean arrain bila, makina-gelan torlojuak bihurritzen edo sukaldean patatak zuritzen. Ez zaie burura etorri esatea lo gutxi egiten dutenik edo beraiena fisikoki lan sakfrikatua denik. Familia, familia eta familia. Guztientzat Indikora etortzea gogorra da beraien senideekin edo maite dituztenekin egon ezin dutelako. Hemengo arrantzale hauek lau hilabetetan ez dituzte ikusten beraien seme-alabak, emazteak (senarrik ez dakit inork ba ote duen), gurasoak, andregaiak, maitaleak, lehengusuak edo lokaleko lagunak. Beraien begiradan iltzatuta daramaten ezina da.

Gure ondoan badira aita izan eta seme-alabak jaio eta hilabetetara ezagutu dituzten marinelak, emazteen haurdunaldia bizi izan ez dutenak, ezkondu eta hirugarren egunera itsasora etorritakoak, gurasoak hil direla  telefono dei baten bidez jakin eta azken agurrera iritsi ez direnak (gaur bertan aipatu dute afalondoan 27 urteko gazte bat hil dela Bizkaian, eta aitari itsasora deitu diotela notizia emateko); oro har, bizitzan esanguratsuak diren momentuak, sei mila kilometrotara eta bakardadean bizi dituzten gizasemeak. Asko luzatu litekeen kasuistika honetan bada beste egoera bat, beste biografia mota bat hobeto esanda, akaso larriena ez dena, baina niri bereziki aipagarria egiten zaidana. Hain zuzen ere, egun batean hezurretaraino maitemindu eta bere maitea lehorrean utzita itsasora etorri behar izan zuen gazte sasoikoarena,urte luzetako gaueroko bakardadean jaso ez dituen laztanek azala arrakalaka aldez alde ireki diotena, eta bizitza oso batean eman gabe utzitako muxuen mina ezkutatu ezin duena bere itxura gogorraren eta bere begitako dizdiraren azpian.  Badakit hitz hauek haizearen aldeko literatura merke-hezurrekoa diruditela, baina halako bizitzak badira.

Guk, gure kamara, mikrofono eta libretekin itsasora etorri, eta itsasoa gogorra zergatik den galdetzen diegu. Harritzeko modukoa da boladetan zeinen inuzenteak garen!

P.D.: Lehorrera sartzekotan gabiltza.

Ibon Gaztañazpi

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide