Euskaraldiko azken egunean ari naiz iritzi artikulu hau idazten, denboraz nahiko larri. Kukuarri Eguna ospatzera joateko esnatu naizenean, burura etorri zaizkidan euskararen inguruko gogoetak orri zurian idazteari ekin diot. Ez pentsa hegaxka magikorik dudanik, nire kontraesanak partekatu nahi nituzke, Euskaraldiak sortzen duelako horretarako testuinguru aproposa.
Jakina da Euskal Herrian diglosian bizi garela; hizkuntza hegemonikoen eta euskararen arteko talka eta desoreka etengabekoak dira, eta egoera horren ondorioak gizartean ez ezik, familia askok egunerokoan ere sufritzen ditugu. Perfektua litzateke nagusiki euskaraz aritzea, baina gure etxean hiru hizkuntza erabiltzen dira egunero: euskara, wolofera eta gaztelania. Euskara da gure semeen ama hizkuntza nagusia, eta haiek ere euskaraz sentitzen dira eroso eta lasai. Wolofera dute aita hizkuntza; bikotekideak eta biok hasieratik hartutako hautu kontzientea izan zen wolofera ere etxeko hizkuntza izatea. Erabakia zentzuzkoena bada ere, jende askok galdetu dio bikotekideari zergatik ez dien frantsesez (Senegalgo hizkuntza ofiziala) hitz egiten semeei, bizitzarako wolofera baino askoz erabilgarriagoa izango dutelakoan. Gogoeta egiten hasita, iruditzen zait diglosiak dakarren ondorioa ere badela hizkuntzaren funtzionalitatea eta prestigioa soilik kontuan hartzea. Lurralde ezezagunetako hizkuntzez ari garenean, gainera, inor gutxi ohartzen da hizkuntza horien ibilbideaz edo eskaintzen duten mundu ikuskeraz. Guk, esaterako, modu berean ulertuko al genuke Euskal Herria gaztelaniaz soilik jakingo bagenu?
Nik euskaraz eta bikotekideak woloferaz; egoera horrek ez digu estres linguistikorik sortzen familian, naturaltasunez bizi dugu. Gaztelaniarekin, ordea, badugu talka, bikotean komunikatzeko gaztelania erabiltzen dugulako. Horrek kontraesan handiak sortzen dizkit, gure hizkuntzaren etorkizuna gero eta ilunagoa dela jakina da, nolabait atzeraldi horren parte bagarela sentitzen dudalako.
Esan daiteke hizkuntza talkaren bi alderdiak bizi ditudala gertutik: batetik, sufritzen dut euskara gainbeheran dagoela sentitzen dudalako, baina, era berean, ulertzen ditut euskaraz ez dakiten horiek ikasteko dituzten zailtasunak ere, lan baldintza eskasek eta familiaren zaintza beharrek zaildu egiten dutelako euskara ikastea lehentasun gisa jartzea. Diglosiak, gainera, euskara modu informal batean bereganatzea eragozten die askotan, lantokietan eta hainbat esparrutan gaztelania gailentzen delako.
Horregatik, inportantea iruditzen zait Euskaraldiaren filosofiari urte osoan eustea, euskaraz lehen urratsak egiten ari direnak ere euskal komunitate horren parte senti daitezen. Agian sekula ez dute lortuko euskara hutsean bizitzerik, baina euskararen aldeko jarrera baikorrak izanda, seme-alabei euskararen balioa eta garrantzia transmitituko dizkiete.