Urola Kostako Udal Elkarteak lehiaketa antolatu du, eskualdeko kultura eta sormen industriak sustatzeko bideratuko dituen ekimenetan erabiliko duen leloa eta irudia sortzeko.
Udal Elkarteak 2017an zehar eskualdeko kultura eta sormen industrien gaitasun, ahultasun eta beharren azterketa egin du "Urola Kosta, eskualde Sortzailea" izeneko egitasmoaren bidez (Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gipuzkoako lehiakortasuna eta lurralde kohesioa sustatzeko programaren laguntzarekin garatutako egitasmoa). Sektoreko enpresa, eragile eta profesionalekin hainbat topaketa egin ondoren, agerian geratu da arlo hori indartu eta sendotzeko premiazkoa dela sektorean sare bat eratzea, sektorea profesionalizatzea eta sektoreari ikusgarritasuna ematea.
Horren haritik, beraz, Udal Elkarteak ekimen horietan erabiliko den leloa eta logoa sortzeko lehiaketa antolatu du.
Parte hartzeko baldintzak
Lehiaketan parte hartu ahal izango dute 18 urte baino gehiago dituzten eta Udal Elkartea osatzen duten udalerrietan (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian) kultura eta sormen industrien alorrean diharduten pertsona, enpresa eta ekintzaileek.
Non eta noiz aurkeztu
Proposamenak aurkeztu behar dira Udal Elkartearen egoitza nagusian (Urdaneta bidea 6, 20800 Zarautz). Epea amaituko da urriaren 11n.
Zer aurkeztu
Oinarrietan daude zehaztuta aurkeztu behar diren dokumentu eta euskarriak.