Urola Kostako Udal Elkarteak Urola Kosta Sortzailea izeneko ekimena jarri berri du abian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Programa horren azken helburua da gure eskualdean kultura eta sormen industrien sektorea alor ekonomiko gisa sendotzea eta, ondorioz, tokiko enplegua hobetu eta kalitatezko lanpostuentzat onuragarria den testuingurua indartzea.
Asko dira gure eskualdean kultura eta sormen industrien sektorean lan egiten duten pertsona eta enpresak –ikusizko arteak, zinema eta ikus-entzunezkoak, dantza, literatura, musika, antzerkia, zirkua, magia, bertsolaritza, moda, diseinua, publizitatea, eta abar–, baina sektore gisa gorpuztu eta egituratu gabe.
Hori dela eta, ekimen honen helburua da Urola Kostako bailaran –Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian– kultura eta industria sortzaileetako ekoizleek dituzten gaitasunak eta balio-kateak identifikatu eta horien garapena sustatzea. Sektore hori indartsua izatea lagungarri da, gainera, beste sektoreentzat, berrikuntzarako eta kohesiorako gaitasun eta indar berezia duelako.
Ekimen honek 6 hilabeteko iraupena izango du eta, laburbilduta, honakoak egingo ditu:
- Eskualdean kultura eta sormenezko industrien alorrean lanean dabiltzan pertsona, profesional eta eragileak identifikatu.
- Sektoreko ekoizle eta bestelako eragileen beharren eta potentzialitateen azterketa egin.
- Sektorearen profesionalizazioa sustatu.
- Sektorea balioetsi, sektoreak berak eta gizarteak barnera dezaten gizartean eta ekonomian duen garrantzia eta kalitatezko enplegua sortzeko gaitasuna.
- Lankidetza sustatu sektoreko profesional eta enpresen artean eta beste sektoreetako enpresekin –industria, zerbitzuak...–.
Kultura eta sormen industriak
Urola Kosta Sortzailea ekimena Europan kultura eta sormen industrien inguruan puri-purian dagoen gogoetaren ondorio da, izan ere, 2010eko Lehiakortasunari buruzko Europako Txostenaren arabera, sormen-industriena da berrikuntza-indar gehien duen sektoreetako bat. Kultura- eta sormen industriak –KSI– garrantzi berezia hartu du Europako estrategia globalaren barnean, bereziki honako arrazoi hauengatik:
- Beren dinamismoagatik eta enplegua sortzeko duen gaitasunagatik,
- Aniztasun kulturala sustatu eta lurralde-kohesioa bultzatzeko duen gaitasunagatik, eta
- Sormenak eragin positibo zuzen eta zeharkakoak dituelako berrikuntzan, eta beraz, baita sektore ekonomikoen multzoan ere.
Eusko Jaurlaritzak 2012an Kultura eta Industria Sortzaileari buruz kaleratutako txostenaren arabera, Kultura eta Industria Sortzaileak gero eta pisu gehiago du ekonomian. Esaterako, 2012. urteko datuen arabera, Euskadin 14.859 enpresa daude alor horretan eta 71.607 enplegu biltzen ditu.
Diru-laguntzak kultura eta sormenezko sektorearentzat
Eusko Jaurlaritzak 2017. urtean hainbat diru-laguntza deialdi egin ditu –eskaerak aurkezteko epea 2017ko urtarrilaren 30ean amaituko da–, kultura eta industria sortzaileen sektorearentzat, sektore honetan ekoizteko formetan, egituretan eta eran berrikuntza sustatzeko eta sormena, ikerketa, esperimentazioa eta diziplina-arteko elkarrekintza sustatzeko. Besteak beste:
- 2017. eta 2018. urtean zehar burutuko diren kultura-gune independenteek aurkezten dituzten jarduera-proiektuei azpiegitura eta egitura egokiak erabiltzeko diru-laguntzak –SORGUNE DEIALDIA–.
- Bitartekaritza eta sare-lanaren bidez ikerketa, berrikuntza eta arte garaikidearekin konprometituta dauden proiektuei bideratutako diru-laguntzak –BITARTEZ DEIALDIA–.
- Antzerkiko profesionalak prestatzeko programa eta jarduerak garatzeko diru-laguntzak –2017–.
Jarri gurekin harremanetan
Zure enpresa kultura- edo sormen-sektore bati lotua badago –ikusizko arteak, zinema eta ikus-entzunezkoak, dantza, literatura, musika, antzerkia, zirkua, magia, bertsolaritza, moda, diseinua, publizitatea, eta abar– eta Urola Kosta Sortzailea proiektuaren edo/eta zure ekimenak bideratzeko izan ditzakezun diru-laguntzen berri izan nahi baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan.
Informazio gehiago
Urola Kostako Udal Elkartea, Enpresentzako Zerbitzuak –Eli Uzkudun–
Urdaneta bidea 6, 20800 Zarautz
Tel. 943890808
enpresa@urolakosta.eus