10. ikasturtea egingo du aurten Urola kostako Mintzalagunek eta, oraindik, badira hasiera-hasieratik euskara praktikatzeari ekin ziotenak; dena dela, beti ere, Amaia Zaldua Arrillaga koordinatzaileak esan bezala, “pozgarria da jendea animatzea”. Egun, 20 mintza-talde ditugu gure eskualdean, eta aekidea ziur dago gehixeago izango direla ikasturtea amaitzerako; izan ere, “euskaraz praktikatu nahi dutenek erraz jotzen dute gugana; horregatik, itxaron-zerrenda moduko bat dugu. Zailagoa da, ordea, bidelagunak (txikitatik euskaraz bizi izan direnak) erakartzea. Hori dela eta, deia egin nahi dugu: astean ordu betez, taldetxo batekin bildu eta euskaraz hitz egiteko prest dagoenak, jo dezala gugana.”
Orioko mintzalagunak
Aste honetan, mugikorra eskutan hartu eta selfie-a atera dute Orioko mintzatalde bateko kideek. Kazetari-lanetan ibiltzeko beldur ziren, baina ondo asko erantzun diote egitekoari.
Zergatik hasi zineten Mintzalagunen?
Jesus Mari Alkorta: Gu euskaldunak gara, Euskadin bizi gara, eta falta zaigun bakarra da euskara. Niretzat trauma txikia (edo handia) izan da, eta horregatik, nire euskara hobetu nahi dut.
Maite Etxaide: Nire asmoa da euskaraz bizi eta neure gurasoen hizkuntza, neure barruan dagoena, gogoratzea.
Zergatik jarraitzen duzue?
Maite: Jendearekin hitz egiteko aukera ematen du Mintzalagunek eta aberasgarria da.
Gomendatuko zenukete Mintzalagun?
Jesus Mari: Nik bai;jende guztiak hitz egin behar luke euskaraz.
Maite: Noski; jendearekin esperientziak sortzen dira eta oso polita da hori.
Erronkak
Amaia Zaldua Arrillagak esan du Zumaia, Zarautz eta Orion nahiko finkatuta dagoela egitasmoa,datuak ikustea besterik ez dago: hiru talde Zumaian, hamabost Zarautzen eta bi Orion. Asmoa, ordea, kopuru horiek pixka bat handitzea da, talderik gabeko bidelariak badaudenez gero. Alabaina, arduradunak garrantzitsu irizten dio Getarian eta Aian ere talde bana osatzeari, saioren bat edo beste egin den arren, ez delako lortu ekimena errotzea, “eta hori, ohitura sortzea, alegia, berebizikoa da praktikatzeko laguntza honek jarraipena izan dezan”. Gaineratu du zaila izango dela erronkari erantzutea; bi herri horietan euskaltegirik ez baitago.
Dena den, “ikasturte hasieran, ditugun datuak izatea txalotzekoa da. Eskertzekoa da herritarrek erakusten duten prestutasuna.”