Mintzalagun egitasmoaren nondik norakoak azaldu ditu Orioko Euskaltegiak

Erabiltzailearen aurpegia Orioko Aek 2018ko ira. 25a, 17:00

Dagoeneko martxan da Mintzalagun egitasmoa, eta interesa dutenek izena eman dezaket.

Mintzalagun programa euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunak ohiturarik ez dutenekin elkartzen dituen egitasmoa da. Duela hamar urte jarri zuten abian Urola kostan, eta geroztik, hamaika lagun aritu dira mintza-praktikan; egun, 6.000 lagun inguruk hartzen dute parte Euskal Herri osoan.

Euskaltegitik azaldu dutenez, "badira euskaraz bizitzeko ohiturarik ez dutenak: egunerokoan beren inguruan hitz egiteko aukerarik ez daukatelako, euskara ikasten ari direlako edota jariotasuna galdu dutelako…". Pertsona horiek txikitatik euskaraz hitz egiten dutenekin eta euskaraz bizi direnekin elkartzen ditu Mintzalagun programak astean behin, ordu betez, talde txikitan banatuta. Modu horretan, lotsa galtzen du euskara praktikatu nahi duenak, eta euskaraz egiteko ohitura sortzen da.

Mintzalagun programan parte hartu nahi dutenek Orioko Euskaltegian bertan, edo 625 485 215 telefono zenbakira deituta eman dezakete izena.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide