Prentsari bistadizoa botatzen ari nintzen aurreko batean. Aitortzen dut adinekoekin eta umeekin lotutako injustiziek bereziki eragiten didatela, eta amorru handia sentitu nuen Espainia alde horretan hiru anai-arreba ia lau urtez etxean gatibu eduki dituztela irakurri nuenean. Egun berean edo pixka bat lehenago, Europatik kanpo, eskola bateko ehundik gora ume hil zituzten bonbek, eta beste herrialde batean, lanean ari ziren haurrak ere hil ziren, meategi batean egondako istripuan. Eta orain gutxi, beste behin Israelgo armadaren gehiegikeriei buruzko titularra irakurri dut: gurasoak eta bi haur hil ditu, buruan tiroa jota.
Min ematen duten albisteak dira, irakurri nahi ez ditudanak, bestaldera azkar begirarazten didatenak, ahazten dena inoiz gertatu izan ez balitz bezala delako batzuetan. Horregatik ez zait gustatzen Gure haurrak ere badira leloa. Soilik herrialde zehatz bateko haurren alde egitea, umeen artean desberdintze hori egitea ankerra iruditzen zait, okaztagarria, munduko intentzio onenarekin egiten den arren eta pankartaren atzean elkartzen direnak negar malkotan ikusi izan ditudan arren. Gure haurrak baldin badira, izan daitezela sufritzen ari diren guzti-guztiak, bestaldera begiratu eta inor ahaztu gabe: Palestinakoekin bezala, akordatu gaitezen Congokoekin –meategian lanean hil ziren haiekin, adibidez–, Afganistangoekin, Sudangoekin, Irangoekin, Ukrainakoekin eta beste hainbat eta hainbat tokitakoekin.
Umeen artean desberdintze hori ankerra iruditzen zait, okaztagarria
Niri berdin dit erasotzaileak Trump, Netanyahu, Putin, al-Burhan, Mohamed Hamdan Dagalo ala Haibatula Ajundzada izena duen, ezta nire ideologiarekin bat egiten duen ere.
Umea, umea da, eta babesa behar du mundu zabalean zein hemen bertan; baita Orion ere. Horretaz askorik hausnartu gabea nintzen otsailaren 27an Ana Mari Manzisidor oriotarraren eskela ikusi nuen arte. Ez dakit Manzisidor inoiz pankarta baten atzean jarriko ote zen, edo zerk bultzatuta egingo zuen egin zuena, baina 2019an Orioko Udalak eta herritarrek omendu zutenean egin zituen adierazpenak bihotzaren barruraino iritsi zitzaizkidan, eta haren eskela aurrez aurre ikusi nuenean, berriz gogora etorri zitzaidan. "Nola haziko ditun ba hireak ez diren lau haur", esaten omen zioten. Baina berak etxean hartu zituen, eta hazi, eta maitatu, eta gero, maitasuna bueltan jaso. "Gurasoei haurren guraso agintea kendu zieten, eta epaileak esan zigun Bartzelonara eramango zituztela harrera familia desberdinetara. Anai-arrebak elkarrengandik banandu egingo zituztela jakin nuenean, nik neuk etxean hartzea erabaki nuen, denak batera", kontatu zuen orduan.
Umeei buruzko albisteengatik bezala, hunkitu egin nintzen ia ezagutzen ez nuen amona horren heriotzagatik: haren bihotzaren handitasunagatik.