Kazetari hasiberria nintzenean elkarrizketatu zintudan, aurreneko eta azkeneko aldiz. Villa Antilla hoteleko harrera guneko sofa erosoetan egon ginen. Elkarrizketaren hasieran edo erdialdera, ez dut gogoan, grabagailua pila gabe gelditu zitzaidan, eta zuk, handik aurrerako erantzun guztiak diktatu egin zenizkidan, nik boligrafoz koadernoan idatzi nitzan. Izugarri lotsatu nintzen, eta izugarri eskertu nizun detaile hura, munduko gauza normalena balitz bezala jokatu zenuelako nire trakeskeriaren aurrean.
Harrezkero, oso-oso gutxitan ikusi zaitut, baina azken boladan, tarteka tokatu gara. Kalean gurutzatu garenean eta begietara lasai begiratu didazunean, ordea, lotsatu eta bestaldera begiratu dut nahigabean. Atzo iluntzean, azkena. Baina, zer beste egin nezake, bada, Benito? Ni ez naiz oriotarra, ez zaitut txikitatik ezagutu kalean gora eta behera, edo errioari begira, edo hondartzan pasieran. Niretzat diskoen azaletako Benito Lertxundi handia zara. Kontzertuetako musikari profesionala. Gaztetan bere musikarekin antzinako gure Euskal Herri hartara hegan eginarazten zidan abeslari-intelektual-heroi-abertzalea edo ez dakit orduan nola deskribatuko zintudan.
Egunotan asko zabiltza nire buru barruan. Oharkabean, zure diskoak jartzen eta abesti eder horiek tarareatzen topatzen dut neure burua. Hogeita bat laguni eskatu diogu zuri buruzko iritzia, eta haiek zutaz kontatutakoarekin liluratuta gelditzen ari naiz, eta era berean, izugarri kostatzen ari zait lerro hauek idaztea. Zer kristo esan behar dut ba nik zutaz, zure ibilbideaz, zure ekarpenaz...?
Agian, esan dezakedan gauza bakarra, autentikoena, da pozik nagoela, oso pozik, kalean elkar gurutzatzen jarraitzen dugun bitartean zutaz jakin ditudan ñabardura horien guztien kontziente naizelako orain. Hain handi eta hain lurtar egiten zaituen horri guztiari esker, begietara begiratu eta irribarrea ahoan, 'kaixo' esango dizudalako hurrengoan, bestaldera begiratu beharrean.