Orioko Herri Ikastola Erasmus+ programan sartu da aurtengo ikasturtean. Aurrez azaldu izan dugu Erasmus+ programari esker irakasle zein ikasleek izango dutela Europako beste herrialdeetara bidaiatu eta hainbat arloren inguruan ikastaroak edo proiektuak gauzatzeko aukera. Gaurkoan, DBH3ko ikasleek Laponiara eta Frantziako ikasleek gauzatuko dituzten bi proiektu ditugu hizpide.
Kultura zientifikoa ikasgaiaren baitan Laponiako sami ikasleekin batera ari dira lanean oriotarrak. Proiektuaren helburua da modu zientifikoan aztertzea zein izaten ari diren klima aldaketaren ebidentziak bi herrialdeetan. Frantseseko ikasleek, aldiz, bi herrialdeetako hizkuntza gutxietuen egoeraren berri emango diote elkarri. Ideia da ikasleak jabetzea hizkuntza hegemonikoetatik haratago kultura gutxituak ere badaudela eta herrialdeen aberastasun direla.
Proiektuez eta egingo dituzten bidaiez hitz egiteko Maddi Etxeberria eta Daniela Recio ikasleekin elkartu gara.
Lehen urtea da Orioko Herri Ikastolak Erasmus+ programan parte hartzen duela. Nola baloratzen duzue Ikastolak proiektu honen alde egin duen apustua?
Maddi: Ulertu behar da Erasmu+ ez dela gelako ikasle guztiek bidaiatzeko aukera bat. Hori, agian, pixka bat zaila egin zaigu ulertzen. Baina uste dut ongi kudeatu dela aukeraketa-prozesua eta ongi dagoela arrazoi batengatik ez bada besteagatik egoera zaurgarrian dauden pertsonei aukera emateko egin den ahalegina.
Daniela: Nik uste dut oso intentzio ona dagoela proiektuaren atzean eta gutako askorentzat oso aukera ona dela kanpoan beste esperientzia batzuk bizitzeko. Nire partetik, uste dut guk ere hasieran denbora behar izan dugula kokatzeko, ulertzeko aukera berezi bat eman izan zaiela ikasle zaurgarriei, baina proiektua ikasle guztiei irekia dagoela eta ahalegin guztiak egin direla joan nahi izan duten ikasle guztiak bidaiara eramateko.
Zuek bidaia egiteko aukeratuak izan zareten bi ikasle zarete. Nola sentitu zineten joango zinetela jakin zenutenean?
Daniela: Frantsesean, joateko gogoa erakutsi dugun ikasle guztiok izango dugu bidaiatzeko aukera. Hasiera batean 8 ikasle joan behar ginen, baina badakigu irakasleok ahalegin egin duzuela eta aurrekontua ajustatu duzuela joateko gogoa adierazi dugun 10 ikasleokin bidaiatzeko. Alde horretatik zorte handia izan dugu.
Maddi: Gure kasuan ez da horrela izan. Aurrekontua ere altuagoa da eta 6 ikaslek soilik izango dugu joateko aukera. Inklusioari lotuta, badakigu irakasleek hautaketarako irizpide zehatzak erabili dituztela, baina hala ere ni oso zorteko sentitzen naiz joateko aukera dudalako. Ilusio handia egiten dit eta oso pozik nago.
Ze proiektu landuko dituzue kanpoko ikasleekin elkarlanean?
Maddi: Klima aldaketak gure ingurune hurbilean duen eragina aztertuko dugu. Gure ikasgaia kultura zientifikoa denez, gure lana ikerketa zientifiko bat egiteko jarraitu beharreko pausoak emanez gauzatuko dugu. Uste dut oso interesgarria izango dela ikustea Laponian eta Euskal Herrian nola eragiten ari den. Jasotzen ditugun ebidentzia zientifikoekin aldizkari digital bat sortuko dugu. Proiektu guztia ingelesez egingo dugu.
Daniela: Guk, berriz, hizkuntza eta kultura gutxituen inguruan egingo dugu proiektua. Hasteko, guk Euskal Herriari buruzko aurkezpen batzuk bidaliko dizkiegu gazteleraz eta beraiek beraien eskualdeari buruzko aurkezpenak frantsesez. Ondoren, sortzen zaizkigun zalantzak argitzeko galderak frantsesez egingo dizkiegu eta elkarlan horretatik informazio osatua jasoko dugu. Guk ere aldizkari digital bat osatuko dugu maiatzerako, frantsesez eta gazteleraz.