Orioko Ikastolak bere DNAn dauka geletako jarduna garaian garaiko beharretara egokitzeko kezka eta saiakera. Ikastolen Elkartea aitzindaria izan da euskara sustatzeko langintzan, geletarako material sorkuntzan, teknologia berrietan, eleaniztasunean eta beste hainbat arlotan. Azken urteetan Konfiantzaren pedagogia izan da Orioko Herri Ikastolako eraldaketaren iparrorratza. Aurten, pauso handia eman du aurrera, eta LH5ean Hobekuntzarako Esperientzia Aurreratua gelara eraman da. Nere Manterola eraldaketa hori prestatzen lanean jardun duen irakasleetako bat da eta zehaztasun gehiago jakin asmoz elkarrizketatu dugu.
1- Zein izan da eraldaketa pedagogikoa gauzatzearen arrazoia?
2014ean, Orioko Herri Ikastolan Konfiantzaren Pedagogia txertatzeko lehen pausoak eman genituen: proiektuka lanean hasi eta mikroesperientzia pila bat egin genituen. Puntu antzekora iristen ginen beti: iparrorratza behar genuela. Orain dela 3 urte, geldialdi bat egin eta “lidergo pedagogikoa” deitzen diogun talde motorra sortu genuen ikastolan eraldaketari jarraipena nola eman hausnartu eta eraldaketa gauzatzeko.
Ordurako Konfiantzaren Pedagogian sartuta zeuden beste 6 Ikastolarekin harremana genuen. Haiekin elkartu eta Reimagine Education Lab-ekin hasi ginen lanean. Gizartea etengabe eta abiadura handian aldatzen ari denez, beharrezkoa ikusi genuen DBH4ko ikasleek, bizi diren gizartearen beharretara egokitzeko zein jakintza eta gaitasun eduki behar duten definitzea. Ikasleak, ikastolan dagoen bitartean, etorkizunean beharko dituen tresnak eskuratu behar ditu eta bere pertsonarengan arrastoa izango duen ikaskuntza jaso behar du.Etorkizuneko pertsona horrek zein ezaugarri izatea nahi dugun Pertsona ereduan laburbiltzen da: euskalduna, barne sendotasuna duena, erabakitzaile/ekintzailea, eraldatzailea eta kooperatiboa. Hau da gure iparrorratza, gizarte iraunkorreko helburuekin eta curriculumarekin batera.
2- Aurten, LH5 mailan jarri da martxan Hobekuntzarako Esperientzia Aurreratua. Pentsatzen dugu metodologia berri horiek gelaratzeko aurrez lan handia egingo zela. Zein izan da prozesua?
Esan bezala, duela hiru urte pertsona eredua definitu zen. Horrek lanketa handia ekarri zuen. Pertsona ereduaren bereizgarriak, ezaugarriak eta inpaktuak definitu ziren. Lehenik eta behin talde motorrak definitu zuen, ikastolako langileen eta familien ekarpenak jaso ondoren Ikastolako pertsona eredua definituta geratu zen. Baina ikastola bakoitzak bere pertsona eredua izateak ondorengo kanpo ebaluazioa zailtzen zuenez, Ikastolen Elkartearekin elkarlanean ikastola guztiontzat bat egiten duen pertsona ereduaren bereizgarri, ezaugarri eta inpaktuak berdefinitu ziren. Ondoren, pertsona eredu hori lortzeko ikastolan eskaini beharko liratekeen ikaskuntza-esperientzia momentuak (IEM) zehaztu genituen. IEMak ikasleak egunean zehar Ikastolan bizitzen dituen une desberdinak dira, esaterako, ikasgelako orduak, jolasorduak, irteerak… Horiek guztiak ikasteko momentuak direla eta, hortaz, guztiak kontuan hartu behar direla ondorioztatu zen.
Hurrengo bi ikasturteetan IEM bakoitzaren gidak sortu dira. Gida horiek hiru ardatz dituzte: pertsona eredua, curriculuma eta gizarte iraunkorreko helburuak.
Gida horiek 7KP ikastoletako irakaslez osatutako lan-taldeetan sortu dira eta Reimagine Education Lab-eko kideek zuzendu eta balidatu dituzte. Esan beharra dago baita ere, kanpo ebaluazio bat jarri dela martxan: eraldaketak benetan helburuak betetzen dituen jakin nahi dugu eta horretarako kanpo ebaluazioa egingo du Eskoriatzako HUHEZIko fakultateak. Hezkuntzan, prozesuen kanpo ebaluazioak egitea ez da batere ohikoa eta horretan ere aitzindariak izango gara. Etengabeko hobekuntzarako beharrezkoa da ebaluazio sistema martxan jartzea.
3- Hitz egin dezagun praktikaz. Ikasleak biziko dituen aldaketa nagusiak aipatuko dizkiguzu?
Aurten LH5 maila ez dute ohiko ordutegi batekin hasi, eta ondorengo IEMak jarri dira martxan:
Uhera: Eraldaketaren bizkar-hezurra dela esan liteke, proiektuak dira eta ikasleak modu aktiboan planteatzen den arazo bati erantzun behar dio bertan. Beti ere definitu dugun pertsona ereduari erantzuteko asmoz.
GPS: Garapen Iraunkorreko Saioak dira, pertsona ereduko barne sendotasunari erantzuten dio. Ikasleak bere gaitasunak, autoezagutza, bizitzako proiektuak etab. landuko ditu. Astean saio bat du.
Tutoretza pertsonalizatuak: Aspaldidanik genuen gogoa honi eusteko eta aurten jarri dugu martxan. Balorazio oso ona izaten ari da gainera. Ikasle bakoitza hiruhileko bakoitzean bi aldiz bilduko da bere tutorearekin.Ikaslearen behar, kezka, zalantza edo arazoen aurrean inolako beldurrik gabe askatzeko konfiantzazko gune bat sortu nahi da. Norberak bere erronka pertsonalak finkatuko ditu tutorearen laguntzaz. Ondo sentitzen den ikasleak hobeto ikasten du. Pertsona ereduko barne sendotasunean eragiten du IEM honek.
Klik: Hau goizeko lehen orduan egiten da eta etxetik ikastolarako transizioa erraztea du helburu. Pixka bat kokatu eta lanerako prest jartzea. Eguneko albiste bati lekua egin, arreta jolas bat egin, eguna edo astea aurreikustea… Honek pertsona ereduko euskalduna, barne sendotasuna duena eta kooperatiboari erantzuten die.
Bufeta edo zirkulazio proposamena: Hemen ikasleari lan desberdinak proposatzen zaizkio eta ikasleak berak antolatu behar du astea. Honek pertsona ereduan eraikitzaile/ekintzailean eragiten du, autonomia garatzen laguntzeko IEM moduan pentsatuta dago.
Sakon: Curriculumeko edukiei lotutako ezagutzak indartzeko saioak dira. Hemen berariazko lanketak egiten dira. Arlo bezala ezagutzen ditugunak hemen sartuko lirateke: Hizkuntza konpetentzia, konpetentzia matematikoa. Esan beharra dago ikasleek ez dituztela sakon bezala ezagutzen, ingelesa, soinketa, mate… ohiko izenarekin ezagutzen dituzte.
4- Aurten LH5ean eraman dira geletara aldaketa nagusi horiek. Zein izango dira datozen urteetarako aurreikusitako pausoak?
Aurten egin diren aldaketek eraldaketaren bideorria markatzen dute eta jarraipena izango dute. Datozen ikasturteetan, goragoko eta beheragoko mailetara zabalduko da eraldaketa (LH eta DBH). Honez gain, aurten bertan, LH osoan mikroesperientziak egitea ere aurreikusten da.
5- Aipatu duzu ikastolekin elkarlanean jardun duzuela. Nolakoa izan da elkarlana?
Maila honetako eraldaketa bat ezinezkoa litzateke bakarrik egitea. Hasiera hasieratik, Konfiantzaren Pedagogian sartuta zeuden beste 6 ikastolekin jardun dugu elkarlanean. Gaur egun elkarlana handitu egin da eta Ikastolen Elkarteak berak ere bat egin du eraldaketa honekin. Dudarik gabe, iruditzen zaigu Ikastolen Elkarteak hezkuntzari egingo dion ekarpena handia izango dela oraingoan ere.