Zientzia bada emakumeen kontua

Erabiltzailearen aurpegia ORIO HERRI IKASTOLA 2022ko ots. 2a, 12:10

Steam saioak emakumezkoak zientzia arloetara hurbiltzeko saioak dira; beste era batera esanda, genero estereotipoak gainditu eta zientzia arloetan emakumezkoek gizonezkoek bezalaxe lan egin dezaketela erakusteko saioak. Ana Viso, Maider Arana eta Lohitzune Solabarrieta gurasoak dira Orioko Herri Ikastolako DBH1eko ikasleek jasotzen dituzten Steam saioen gidariak. Lan bikaina eta eredugarria da egiten dutena, Steam saioen bitartez, adituen bila urrutira joan gabe, guraso bakoitzak bere ezagutza eta esperientzietatik Orioko Herri Ikastolako hezkuntzan zuzenean parte hartu dezakeela erakusten baitute. Mila esker. Ana Visok eman dizkigu beraien jarduerari buruzko xehetasunak.

Ana Viso, Maider Arana eta Lohitzune Solabarrieta? Nor zarete?

Ni, Ana Viso, Orioko Herri Ikastolako gurasoa naiz. Ingenieria, teknologia arloan. Gureak-en elektronika plantako arduraduna.  Maider Arana emakumea da, ama, ingurugiro ingeniaria eta hiri antolakuntza alorreko ikerlaria. Lohitzune Solabarrieta, berriz, emakumea, ama, portu bideetako eta ubideetako ingeniaria, eta gaur egun, itsas ikerlaria.

Zer da Steam programa bi hitzetan?

Steam programaren helburua da gazteei azaltzea zer diren Steam arloak; hau da, Zientzia, Teknologia, Ingenieritza, Artea eta Matematika arloetara hurbiltzea eta azaltzea, neska zein mutil, nahi duenak ikasi eta lan egin dezakeela horietako arlo batean. 

Nolatan hasi zineten Steam programan parte hartzen?

Niri Ingenieritza eskolatik iritsi zitzaidan programa honi buruzko informazioa eta berehala eman nuen izena. Hiru alaba ditut eta pentsatu nuen nik ere egin dezakedala nire ekarpena neskak arlo horietara hurbiltzeko. Izena ematean zehaztu egiten duzu zein herritan parte hartu nahiko zenukeen eta ikastetxeen eskaeraren arabera egiten da antolaketa. Nik bigarren urtea dut Orioko Herri Ikastolan.

Zergatik da garrantzitsua horrelako programak egitea?

Genero estereotipoak nola eratzen diren ikusten dugu eta datuek erakusten dute horiek gazteengan duten eragina, bereziki nesken artean. Adibidez, batxilergo teknologikoan ikasleen %38 dira emakumezkoak, baina informatika arloan portzentaje hori ikaragarri jaitsi da azken 30 urteetan. Lehen informatika ikasten zuten ikasleen %30 ziren emakumezkoak eta orain %12 baino ez. Bestalde, azpimarratzekoa da oso neska gutxik aukeratzen dutela zientzia arloko lanbide heziketako ziklo bat, eta maiz ezjakintasunagatik izaten da. Zuk ez badakizu elektronika zer den, aurreiritziekin geratuko zara eta aurreiritzia da elektronika mutilen kontua dela. Guk ez ditugu inolaz ere neskak zientzia ikasketak egitera derrigortuko, baina ziur gaude aurreiritziek eragin handia dutela aukeraketa egiteko orduan, eta, zentzun horretan, ahaldundu nahi ditugu benetan gustuko duten hura ikasteko hautua egin dezaten. 

Nola antolatzen dituzue saioak?

Sei saio izaten dira. Lehena eta azkena gela osoak batera egiten dugu, eta beste lauetan neska eta mutilak bereizi egiten ditugu. Lantzen ditugun gaiak berdinak dira, baina konfiantza giro bat sortzea da helburua. Neskek zein mutilek libreki hitz egitea. Batzuetan, mutilek pentsatzen dute estereotipo horien erantzuleak beraiek direla, baina ez da gure asmoa inor errudun sentitzea. Gizarteak sortu eta elikatzen dituen estereotipoak dira. Saioetan genero estereotipoak zer diren, nola sortzen diren eta gugan nola eragiten duten ikusten dugun. Emakume zientzialari erreferenteak ere aurkezten dizkiegu, posible dela ikus dezaten. 

Zein izan ohi dira ikasleen erreakzioak?

Aurten bigarren urtea da Steam saioak Orioko Herri Ikastolan egiten ditugula. Aurten goizegi da balorazioa egiteko, baina iaz oso pozik geratu ginen egindako lanarekin eta ikasleen erantzunarekin. Helburua da ikasle bakoitzak, edozein dela ere bere generoa, nahi duena ikas dezakeela garbi edukitzea. Eta, bestalde, elkarrekin lan egin behar dutela jabetzea ere. Nik uste dut saioek aurrera egin ahala zientzia arloekiko beraien pertzepzioa aldatu egiten dela eta jabetzen direla nahi badute egin dezaketela. Esan bezala, genero estereotipoek gugan duten eraginaz kontzientzia hartzea da helburua eta esango nuke lortzen dela. 

Zerbait gehitu nahiko zenuke?

Amaitzeko, gogoratu nahi nuke otsailaren 10etik aurrera Zientzia bada emakumeen kontua programa martxan egongo dela. DBHko ikasleentzat oso interesgarria dela esango nuke eta animatuko nituzke gurasoak beraien haurrak jarduera horietara eramatera.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide