Egun berezia izan zen asteazkena Orioko Herri Ikastolako LHko lehenengo zikloan. Txertoa eman zieten aurreneko mailakoei eta aztoratu xamar ibili ziren: batzuk oso ausart eta besteak malkoei eutsi ezinik. Tentsioak lasaitzeko kalera atera ginen paseotxo bat ematera, beti lasaitzen baitu kanpoan gure gisara ibili eta haize pixka bat hartzeak. Hala genbintzala, etxealdian genuen lagun baten etxe ingurura iritsi ginen. Auroraren ikasleak builaka hasi eta sorpresatxo ederra eman zioten Oihanen familiari. Gero Noa eta Laiari egin genien bisita. Momentu hunkigarria bizi izan genuen bai ikasleek eta baita familiek ere.
LH2n ere etxean bi ikasle genituen: Iker eta Nabil. Ikerrek egun dezente zeramatzan etxean, gainera, eta Nabilek, berriz, asteazkenean bertan jakin zuen hamar egun etxean egon beharko zuela. Goizean Ikerrekin bideokonferentzia egin nahi izan genuen, baina ez zitzaigun oso dotorea atera: lehenengo, berak ez zigun ondo entzuten eta gero, guk. Triste xamar geratu ginen denok. Aurorak Ikerren etxera joatera animatu gintuen.
Paper txuri handiak moztu… lan pixka bat egin eta Iker eta Nabili sorpresa ematera joan ginen! “Iker! Iker! Iker!” oihuka hasi ginen bere balkoi parean. Bizilagun mordoa atera zitzaizkigun, baina Iker ez! Eskerrak Adeiek bere tinbrea zein zen zekien! Eta azkenean, atera zen Iker balkoira! Txundituta geratu zen! Zeinen ederrak diren momentu txiki hauek!
Ikerri, gainera, Iker jartzen zuen kartela bere portalean utzi genion opari. Ondoren, Nabil bisitatzera joan ginen. Ez genekien oso ondo zein zen bere etxea eta hara! Bere aita balkoian! Pozez txoratzen itzuli ginen Ikastolara. Zeinen ederra den lagunei faltan botatzen ditugula eta asko maite ditugula esatea!