Mahi-mahi egitasmoaren helburua da jangela gune atsegina izateaz gain, ikasleek esperientzia hezitzailea jasotzea. Ikasleak seiko taldeetan esertzen dira mahaian (tutoreak izendatutako taldeak) eta, jangelara sartu aurretik, koloretako bolatxo bana ateratzen dute zorro batetik. Kolore bakoitzari eginkizun bat dagokio; esaterako, kolore urdineko bola hartu duen ikaslea (superpitxar) pitxarra eta edalontziak jartzeaz, isurtzen den ura jasotzeaz eta edalontziak garbigunera eramateaz arduratzen da.
Hartara, jangela gune dinamikoa da, ikasleek ez dute derrigorrean eserita egon behar, baina mugimendua ordenatua da. Mahaitik altxatzen dena zeregin jakin bat burutzeko zutitzen da. Bestalde, txanda errespetatzen, zerbitzatzen, mahaia txukun mantentzen eta jakia alferrik ez galtzen ere ikasten dute.
Baina dena ez da lana eta ardura. Urtebetetzeak ospatzeko txokoa ere antolatua dute. Mahai borobila atondu dute horretarako eta urteak betetzen dituen ikasleak, bere mahai-lagunak aukeratzeaz gain, postre berezia ere izaten du. Eta nola ez, denen artean zorion-kanta bat abesten diote.
Bestalde, elikadura orekatua eskaintzeaz gain, tarteka elikadura ekologikoa eta bertakoa ere eskaintzen zaie, baita munduko errezeta goxoak dastatzeko aukera ere.
Gainera, astelehen, astearte eta ostegunetan, Ander monitorearen laguntzaz, jolas dibertigarriak ere egiten dituzte, bazkalostean. Besteak beste, iaz, jangela apaintzeko erabili dituzten buruhandi eder horiek egin zituzten denen artean.