Gaztetxo uholdea Orion, Ikastolan

Erabiltzailearen aurpegia ORIO HERRI IKASTOLA 2017ko mar. 21a, 09:01

Geltokiz-geltoki aurrera doa aurtengo Gipuzkoako eskolarteko bertsolari gaztetxoen txapelketa. Otsailetik herriz-herri dabilen ekimen honek Orion egin zuen geldialdia pasa den ostiralean. Apirilaren 2an jokatuko den finalaren esperoan, ihardunaldi bakarra baino ez du falta dagoeneko, datorren ostiralean, martxoak 24, Hernaniko Biteri aretoan izango dena, hain juxtu. Gatozen, baina Orioko ihardunaldiaren laburpen txiki bat egitera.

Bazkalostean eman zitzaion hasiera jardunaldiari, eta Orioko ikastolan kanporaketa guztietan bildu den jendetzarik handiena batu zen bertso jarriak egitera. Oriotik ez ezik, Zarauztik, Getariatik, Usurbildik zein Elgoibartik inguratu ziren gaztetxoak autobusez zein trenez. Kabitu ezinda, guztiak, baina hobe horrela, gaztetxo gutxirekin baino. Ikastolen Elkarteko arduradun Mikel Mendizabalen hitzetan, “materialik gabe geratu gara gaztetxo uholde hau dela eta, baina nola hala moldatu dugu”.

Ohi bezala, arratsaldeak aurrera egin ahala, bertso jarriek bat-bateko bertsoei eman zieten paso. Irati Tolosa aurkezleak gidatu zuen saio didaktikoa, eta bertso eskola ezberdinetako gaztetxoen parte-hartzea benetan emankorra izan zen. Oholtzan aritu ziren kantuan Zestoako taldea (Intza, Maria, Aiora, Unai, Ekiñe, Itsaso eta Ekain), Aizarnazabalgo taldea (Eritz, Markel, Lander, Peru, Ihintza eta Araitz) eta Zarauzko Etxebeltz bertso eskolako 2 talde (Irati, Jone, Malen, Maria, Garazi, Oihana, Malen, Izar eta Eiderrek osaturikoa lehena eta Aimar, Julen, Beñat, Oier, Eki, Hodei eta Enekok osaturikoa bigarrena). Horrez gain, azken bertso eskola honetako Nora eta Amaiurrek abesti Eder bezain hunkigarri bat eskaini zuten gitarraren laguntzarekin. Oholtza gainekoak ez ziren emanaldi hauekin amaitu, ordea: saioari errematea emateko Ioritz Bastarrika eta Aner Peritz bertsolariak igo ziren oholtzara, eta librean aritu ziren elkarri mokoka eta aurretik ikus-entzundakoaren gainean solasean. Orioko ikastolako aretoa bete zuten entzuleak pozik etxeratu ziren, zalantzarik gabe.

Iluntzean Orioko ikastolatik herri bereko Aldapa elkartera egin zuen jauzi eskolartekoak. Gaztetxoen mailako azken kanporaketa jokatu zen bertan, eta Gontzal Belategi, Ane Peñagarikano, Julene Iturbe, Gartxot Ramirez, Peio Etxabe, Igauri Lopetegi, Ekain Lopez eta Andoni Mujika aritu ziren kantuan, Irati Agirreazaldegi gai jartzaileak jarritako ariketei erantzunez. Andoni Mujikak zuzeneko txartela lortu zuen finalerako eta gainerako kanporaketak kontuan harturik finaleko zortzikotea osturik geratu zen. Urko Arregi, Libe Goenaga, Oihana Arana, Jokin Irastorza, Andoni Mujika, Ane Beloki, Iker Ormazabal eta Itziar Mendiak kantatuko dute Azpeitiko Soreasu antzokian apirilaren 2an jokatuko den finalean.  

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide