HAZTEN GAITU, HAZTEN DUGU
Gure kulturan zuhaitzak eta bereziki sagarrondoak izan duen eta duen garrantzia ikusiz, sinbolo gisa hautatu dugu kanpainarendako : praktikoki sagarrondoak saltzeko, bainan ere sinbolikoki mezua pasarazteko . Sagarrondoak, euskara, ikastola eta Lizeoa irudikatzen ditu. Irudi zentral horri ideia eta balore frango lotzen dizkiogu. Euskarak, lizeoak, hazten, hezitzen, handitzen, zaintzen gaitu bainan guk ere haiek: eten gabe elkar elikatzen dugu. Sagarrondoak ziklo osoa du, ikastolako ikasprozesuak duen bezala, etengabe indarberritzen dena, heziketa bezala.
Sagar mota anitz bada, hemengoak eta hangoak, eta ez da bat ere bestearen idurikoa : gure ikasleak bezala.
Sagarrondoa, euskara eta lizeoa bezala, lurrari atxikia da eta bere erroekin lurra atxikitzen du. Lur eta eremu berrietan landatzen da eta fruitu emaiten du : euskarak ere bere lekua badu HIRIAN, lizeoa « euskararen sagartze bat » izanen da Baionan, Euskarak Baiona behar baitu eta Baionak euskara. Sagarrondoa zaindu behar da, ongarriztatu, ez bakarrik guretako, ondokoendako ere bai.
Sagarra jatekoa da, partekatzekoa, eskaintzekoa . Euskara bezala, erabiltzekoa, har eta ematekoa, moldatzekoa, egokitzekoa, esperimentatzekoa. Gaurkoa eta kalitatezkoa da, zernahitarako erabilgarria. Eta denbora berean etorkizunerako baliagarria. Argi da beraz, sagarrondoak, Euskarak bezala, hazten gaituela, hazten dugula.
Horra nola iraganen den kanpaina: sagarrondoak salduko ditugu lagundu nahi gaituzten jende guzieri. Sagarrondoa erosten duenak beretzat atxiki dezake edo gure gain utz dezake EUSKARAREN SAGARDIA sor dezagun. Sagardi hau Baionako lur zati batean sortzeko asmoa dugu, lizeoa toki finko bati identifikatzeko eta lurrarekin dugun atxikimendua inguruko jendeekin partekatzeko. Ofizioko norbaiten ardurapean ezarria laiteke, profesionalki kudeatua izaiteko eta urtero lanaren araberako mozkina ateratzeko.