EROSI GURE ZOZKETAKO TXARTELAK IKASTOLAN!

Erabiltzailearen aurpegia ORIO HERRI IKASTOLA 2015ko eka. 18a, 09:16

Usurbilgo Udarregi Ikastolako kideak, dakizuen bezala, bete betean murgilduta dabiltza 2015eko Kilometroak jaiaren antolaketan, gogo eta ilusio handiarekin. Aurtengoan, Gattunk lelopean 2015eko urriaren 4ean ospatuko da. Atal ekonomikoari dagokionez, iaz Orioko Herri Ikastolak aurrera eraman zuen Gure Zozketaren arrakastaz jabeturik eta ikastolarentzat diru-iturri garrantzitsuena izan zela ikusita, beraiek ere ekimenari jarraipena eman diote. GURE ZOZKETAko txartel bakoitzak 5 euro balio ditu eta horietatik 2 euro gure Ikastolarentzat izango dira. Gure asmoa da IKASTOLAKIDE bakoitzak gutxienez txartel bat erostea, eta Ikastolan enkargatzea, horrela Ikastolak etekin ekonomikoa lortuz. Ikastolara deituz edo etorriz enkargatu ditzakezu nahi adina txartel EKAINAK 26a BAINO LEHEN!!!

 

 

“Orioko lehengusua etxera etorri zitzaigunean, ziur geunden zozketako txartelak erosiko zizkigula, lehengo urtean guk ere erosi baikenizkion.

Eman pare bat, bai – esan zigun.
Nik badaukat! – gaineratu zuen aldamenetik 9 urteko alabak.
Bai – esplikatu zigun amak-. Bere diruarekin erosi zuen eta hortxe dauka logelan zintzilikatuta, bistan.
Bai, gure ikastolari lagundu zioten iaz, eta orain guri tokatzen zaigu laguntzea! – gehitu zuen alabak.
Harrapazank!

Zirrara eragin zidan 9 urteko ume batek halako kontzientzia zeukala ikusteak. Oso garbi zekien zer zen Kilometroak-en aldeko zozketa txartela, zertarako zen dirua, zertarako antolatu zuten beraiek Kilometroak, zergatik egin zuten hainbeste lan, zer esanahi zeukan “erria txikota”k… Eta ez hori bakarrik! Orioko herri ikastolatik kanporako begirada dauka orain; gure ikastolarekin eta gurekin gogoratu da. Eta ziur datorren urtean Bergarakoekin ere gogoratuko dela. Eta hurrengoan, tokatzen zaionarekin. Eta Herri Urrats, Ibilaldia, Araba Euskaraz eta Nafarroa Oinez antolatzen dituztenekin.

Bejondeiela bai alabari eta bai gurasoei!! Hor balio batzuk transmititu dira. Seme-alabek jarrera eta jokabide hori lortzeko, “zeozer” egin dute etxe horretan! Eta emaitza ikusi dugu.

Oso politta da umeak Gattunk-eko arroparekin jantzita ikustea, baina ez da nahikoa. Horrek zer esan nahi duen, zertarako den eta abar jakin beharko dute ba, ezta? Azalekoaz gain, barruko mamia ere landu beharko dugu.”

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide