Karkarak 25 urte

Erabiltzailearen aurpegia Lore Berasaluze 2014ko uzt. 3a, 09:00

Egun polita izan zen San Pedro bezpera; polita, hunkigarria... indarra eman zidan Karkararen hariari tiraka jarraitzeko.

Ia astebete behar izan du bihotzak bere ohiko erritmora hurbiltzeko. Lan asko egin behar izan zuen pasa den larunbatean, ekainaren 28an, San Pedro bezperan. Lan asko eta handia. Taupaka eta taupaka, goizean goiz hasi zen kili-kiliak sentitzen. Nola ez ba? 25 urte egin ditu Karkarak eta Karkarazaleak, aiarrak eta oriotarrak, hori ospatzera bildu behar genuen; eta bildu ginen.

11:00etan hasi behar zuen binakako lasterketak, baina ezin itxaronda, goizaldeko 05:00ak aldera korrika ari zen dagoeneko nire bihotza. Eta gainera, bikoterik gabe. Urduri, emozionatuta, urduri eta urduri.

Aian, Orion edota Aian eta Orion elkarren arteko ezberdintasunak albo batera laga, eta bata bestearen ondora hurbiltzen duen Karkara islatu nahi izan genuen binakako lasterketarekin. Herriko plazan hasi eta bukatutako 4 kilometroko ibilbidea elkarrekin egin zuten, besteak beste, bi herrietako alkateek, Orioko Herri Ikastolako eta Zaragueta Herri Eskolako ordezkariek, futboleko eta arrauneko kirolariek, Orioko EAJko eta Bilduko ordezkariek... Karkara horien guztiena eta gainerako herritar ororena dela azpimarratu nahi izan dugu. Karkarak denei irekitzen dizkielako ateak; horretan saiatzen gara behinik behin, beti ez badugu ere nahi bezain ondo egiten. Baina akatsetatik ikasten ari gara. Atea irekita ordez erdi itxita dagoela iruditzen bazaizu, jo aldaba, segituan joango gara eta atea nola dagoen berrikustera.

Gutxi dirudite lau kilometrok, baina lehendik lanez gainezka zebilen bihotzak nabaritu zuen ederki esfortzua. Dena den, gustuko lekuan aldapik ez da izaten! Esaera horrek ez zuen ezagutzen Iturbideko aldapa, kar, kar!

Euskaltzaleen bazkaria etorri zen gero, eguerdian. 160 lagun mahaiaren bueltan, Karkarak beste 25 urte egin ditzan desiratuz. Edonori ekartzen dizkio horrek malkoak begietara, kontxo! Buru lanean dabilenak (jendaurrean hitz egitea ez da nirea) ez du emozionatzeko denbora asko izaten bazkalorduan, baina lagun horiek guztiek sabela beteta dutela eta bazkalondorengo solasaldian gustura daudela ikusita, egoera nolabaiteko distantzia batetik ikusita, oilo-ipurdia jartzen zait. Eskerrik asko denoi. Karkara osatzen dugun taldeko kideok babestuta sentitu ginen egun horretan, zuei esker. Indarra eman diguzue, aurrera begira jartzeko, lanean jarraitzeko... baina egia esan, zuek beharrezko zaituztegu horretarako: Karkararen proiektuaren parte izaten segi ezazue! Idatzi, irakurri, erantzun, galdetu, komunikatu, elkarbanatu, diruz lagundu, argazkiak bidali, zuzendu.

Bukatu aurretik, esker berezi bat "jurasiko" edo "dinosauruei": Ana Iturain, Iñaki Iturain, Jabier Zabaleta, Miren Etxeberria eta Ana Gonzalez de Txabarri. Baita Pat zuri ere (bihotzak bestelako taupada bat egiten du zure aurrean, euskararekiko eta bizitzarekiko duzun jarrerak eraginda). Mikrofonoaren aurrean ahotsak kale egin zidan momentu batean, zuen omenezko hitzak esan nahian. Nire partetik dena esaten du horrek; ezin dut gehiago adierazi. Asko ikasi dut zuen alboan (ikaste horretan ezin ahaztu lankide izan dudan Patxi ere; gustura hartuko nukeen alboan eserita ospakizunean). Eskerrik asko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide