Eduki babestua

Herriak egiten duelako herria

Erabiltzailearen aurpegia Karkara 2021ko aza. 2a, 10:30

Askotariko produktuak eska daitezke Errigoraren kanpainan, tartean, oliba olio birjina. (Errigora)

Azaroaren 11ra arte abian da Errigoraren udazkeneko kanpaina, 'Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka'. Oliba-olio birjina estra, arroza, pasta edota kontserbak eska daitezke.

Bertakoa jan, ekonomian eragin, eta, gainera, euskara sustatu. Horiek dira Errigora egitasmoko saskia erosiz gero lagunduko dituzun helburuak. Izan ere, Nafarroa hegoaldeko jakiak erostean ordaindutako diru kopuruaren %25 bideratzen dute Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintza sendotzera 2013. urtetik.

Orain, udazkeneko kanpaina jarri dute abian, Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka, Herriak egiten du herria lelopean, eta oliba-olio birjina estra, arroza, pasta eta kontserbak eskatzeko epea zabaldu dute. Hiru saski eskaintzen ditu Errigorak: beltza (betikoa), 55 euroko balioa duena, kanpaina honetako saski klasikoa; berdea (ekologikoa), 65 euroko balioa duena, produktu ekologikoz osatutakoa; eta zuria (berezia), 75 eurokoa, produktu bereziekin osatutakoa.

Eskaerak

Aurreko kanpainetan bezala, oraingoan ere Euskal Herri osoko ehunka herritan banatuko dituzte Errigoraren saskiak edo produktuak. Azaroaren 11ra arte iraungo du kanpainak, eta eskaerak Errigoraren webgunearen bidez zein telefonoz egin daitezke (errigora.eus webgunean edota 848 87 12 23 telefono zenbakian).

Era berean, Urola Kostan eskualdeko herri gehienetan egongo da Errigoraren produktuak eskatzeko eta herrian bertan jasotzeko aukera: Azpeitian Elikagunean eta ELA Azpeitian, Azkoitian Maxixatzen Euskaldunon Elkartean, Zestoan herriko AEKn, Zumaian Trukegunean, Getarian Artzape Getariarron Topagunean, Zarautzen banaketa gunean, eta azkenik, Orion Herri Ikastolan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide