Euskararen pedigria

Erabiltzailearen aurpegia Jon Agirresarobe 2026ko urtarrilaren 18a

Orioko errioa. (Onintza Lete Arrieta)

Abenduko Aia-Orio Guka aldizkariko Moila bazterretik ataleko iritzi artikulua da honakoa.

Ezjakina naiz animalien familia genealogian. Ez dut jarri izan interes handirik, zein markako txakurra den galdetu izan dut arrazaz ahaztuta. Baina lagun txakur-jabe batek kontatu zidan garrantzia ematen zaiola animaliaren jatorri biologikoaren konstantzia izateari, eta Burgosera zihoan agiriaren bila larunbat arratsalde euritsu batean.

Aplika dezagun pedigria hizkuntza gaietan. Etxetik hizkuntza jaso izanarekin eta jarioarekin lotu izan dugu arraza garbiko euskalduna izatea. Aurrekariek, abizenak eta jaioterriak markatzen dute asko. Euskara etxean jaso dugunok, euskalkidunok, hika egiten dutenek, Gukan idazten dugunok, txisteak edo haserreak euskaraz adierazten ditugunok pedigria daukagu besteon begi-belarriotan. Gutxitan izan naiz kontziente Orio txikian, baina halaxe irudikatu naute egunero-egunero euskaraz bizitzeko borroka nekaezinean ari diren Algortako euskaldunek.

Nire aldean hiztun kontzientziadunak dira, egoskorrak, eusleak. Baina, antza, nirea da euskararen kalitate zigilua. Eta pedigri kontzeptua aldatzen badugu hizkuntzaren normalizazioaren beharretara? Arraza garbiaren ikurra ez diezaiogun jarri euskaldun zaharrari, hizkuntzaren jario ederra duenari, are gutxiago kontzientzia hanka azpian baldin badu. Eman diezaiogun autentikotasun-agiria etxean eta kalean hizkuntza erabiltzen duenari, batik bat, hurrengo belaunaldiek euskara erabili dezaten borrokan ari denari. Euskararen pedigriaren kontzeptu berriak familia genealogian du aldagaia, baina ez iraganera eta abizenei begira, etorkizunera atento baizik.

Belaunaldi batean ohitura irauli eta pedigria lortu daiteke, azalaren edo lumajearen kolorea begiratu gabe eta odol analisirik egin gabe. Erabiltzen duenari eta batik bat ondokoei erabilarazten diotenei emango zaie zigilua. Kontuz, pedigria galdu dezake –Algortan edo Orion– hizkuntza, txakurrak bezala, katean lotuta daramanak, hitano ikastaroaren agiria edo zazpi abizen euskaldun izanda ere. Eta bai, kalitatearekin ere lotura dauka pedigriak: egunero erabiltzen den hizkuntzan jario hobea dugulako.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide