Trena edo baleontzia?

Erabiltzailearen aurpegia Jon Agirresarobe 2025ko api. 6a, 09:00

San Pedroko Albaola museoa.

Honako iritzi artikulua plazaratu du Jon Agirresabore Torrotxo-k martxoko Aia-Orio Guka aldizkariko Moila bazterretik atalean.

Lagunarteko afari batean sortu zen eztabaida bizia, pandemia aurretik izan zela esango nuke. Zer amaituko ote dute lehenago: Abiadura Handiko Trena edo San Juan baleontzia? Azken hilabeteotan surmurra zabaldu da egurrezko ontzitzarra uretara botako dutela aurki. Pasa den astean hedabideetan irakurri genuen trenbidearen hamarnaka kilometro esleitu dituela Pedro Sanchezen gobernuak. Albiste bat irakurtzen dugun bakoitzean ugaritzen dira Whatsapp mezuak lagunartean. Tik-tak, tik-tak, erriberako arotzak eta tunel zulatzaileak nor baino nor.

Pasaitarren kasuan, epika gehitzen dio atzerapenak. Nik dakidala, Donostia 2016 egitasmoari lotu zirenean bakarrik iragarri zuten amaiera data. Tokitan gelditu da. Trenaren kasuan ugariagoak izan dira aurreikuspenak eta iragarpenak. Gutxiegi begiratzen dugu hemeroteka.

Badira zalantzak bi proiektuetan, eta ez txikiak. Herriko marinelei galdetuta errespetua ematen die pasaitarren trastea Kanadara abiatuko dela entzute hutsak. Ze nezesidade. Alderdietako kargudunak banatuta daude Abiadura Handiko Trena Ezkiotik edo Gasteiztik pasa. Antza, bi dira aukerak: Aralar mendia zulatzea edo Gasteizko kurba. Ze nezesidade.

Kontu serioak dira apustu txoroetan aritzeko. Herri proiektuak biak, abiadura berean baina norabide banatan: galdutako tradizioa berreskuratu, herriaren enbaxadore eta irudi bihurtzeko nahia nostalgikoena; munduari konektatzeko neurri gabeko txikizioa progresoaren defendatzaileena. Ze nezesidade diogu bi kasuetan, baina ifrentzu ezberdina du esaldiak, oso ezberdina.

Harrigarriena da gaur egun bi proiektuek sortzen duten indiferentzia. Trenaren kilometroak eraiki ahala apaldu da hasierako zalaparta, eta enpresak dirutza egiten ariko dira langileen bizkar. Baleontzia eta San Pedroko museoa isilean pasatzen ari den sentsazioa daukat, eta interes gehiago sortzen duela Donostia inguruan dabiltzan turisten artean euskal herritarron artean baino. Pasaian ez da patrikarik aberastuko, baina balioko al du herritarron kultura aberasteko? Aspaldian etorkizuna salgarriagoa da izan ginena baino, eta izan ginenak leku gutxi du etorkizun estrategian, geroz eta gutxiago.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide