Ez naiz Iñaki Iturainen liburuaz hitz egitera etorri; ahaztu lemazainak edo armadoreak. Uler dezagun patroi joskintzako ereduen sinonimo. Zenbat arraun zale mota daude Orion? Edo zenbat oriotar izateko era lehorrean arraun egunetan ditugun portaerak aintzat hartuta. Zerrenda bat egitera ausartu natzaizue.
Bat: beti tostartean doazenak. Bazkide kamisetak hartzera enkargutako karroarekin doazenak, azken bigarren egiten dugunetan ere txalo jotzen dutenak. Ur-jalak daramatzanean ere "Aupa Orio" oihukatuko dute.
Bi: entrenatzaileak. Entenditzen dutenak, sekula arraun bat hartu gabeak baina ontziaren aurrera-kargaz eta neska-mutilen arintasunaz teoriak idatzi dituztenak. Guardasola eskuan moila gainean keinuka aritu daitezke. Lehorreko entrenatzaile askok ez dute kamiseta horia janzten, jakintzak neutraltasuna eskatzen duelako.
Hiru: rekadistak. Mezetako irakurleek eta alderdi politikoetako militanteek bezala, kontsignak ikasi eta zabaltzen dituzte. Urte bakoitzean kanpaina berria: "Aurten etxekoekin ari gara baina ohorezko txandan gerra emango dugu" edo "Ergometro proba oso onak egin dituzte eta argi" eginez hasten dira maiatzeko loretan.
Lau: suminduak. Behin errioz beste aldeko etxe handian gertatu zen pasadizo batek mindu eta hogei urtera goizeko ordu txikitan ostera ere gertaera kontatzen hasten direnak. Arraunlari ohien, haien familien eta kuadrillen taldea da hori, eta ez dira herriko taberna batean kabitzen. Talde horretako ausartenek horia ez den beste kamiseta bat jantzi izan dute urteetan.
Bost: eszeptikoak. Orio eta arrauna esaldi berean lotzeak urtikaria sortzen die. Beste kirol bat praktikatu izan dute horietako askok, eta beren iritziz, Orio Arraunketa Elkarteak diru laguntza handiegiak jasotzen ditu.
Sei: parranderoak. Kontxa irabazi eta Donostiako Bulebarrean arratsaldeko zazpietan autobusa hartzeko gai ez direnak, kalimotxo batengatik alirona galtzeko gai dira eta inporta zaien bakarra da Kontxa eta Euskal Jaia egun berean ez izatea.
Zazpi: errebindikatzaileak. Horiaz gain kamisetan aldarrikapenak daramatzatenak. Cinzanoren, Cepsaren, babyautoren eta Orialkiren ordez, Euskadiko Itsas Gaztedia, Presoak kalera, AHT gelditu eta gora borroka feminista irakurriko duzu horien kamisetetan.
Ez saiatu zuen burua talde bakarrean sartzen. Helatuen bolak aukeratzerakoan bezala, bi taldetakoa izan zaitezke, orekatuagoa gelditzen da bat. Ba al dakizue zein den ederrena? Lehen eszeptikoa zena, maitasun istorio bat tarteko, oriotar sutsu nola bihurtu den ikustea. Baina, tamalez, gutxiegi aldatzen gara herrian.
Arostegiren agurrak (bejondeizula, Mikel) eta Zabalaren etorrerak (lasai hartu, Iker) astindu du herria. Herriko patroiak behar ditugu traineruan, baina errespeta ditzagun lehorreko patroiak, arrauna bizitzeko askotariko moduek aberasten dute gure herria.