Legealdi amaierako gogoetak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Agirresarobe 2015ko mar. 10a, 08:44

EAJ alderdiak idatzitako azken gutuna erantzuteko denbora hartu dut. Hausnarketa pertsonala da, lau urtez borondatez dena eman duen zinegotzi honen nekeak ez du iritzian eta formetan eragiterik nahi. Ea asmatzen dudan.

Batzokiko seme-alabek hiru afirmazio egin dituzte legealdi osoan, behin eta berriz:
- Bilduk ez du aldaketarik ekarri Orioko Udalera.
- Hamabi milioi euro utzi genituen remanentean eta Bilduk erdia xahutu du.
- Bilduk ez du ezer egiten kanpoko dirua ekartzeko eta aktuazio urbanistiko esanguratsuak egiteko.

ALDAKETA. Zer da aldaketa? Nola neurtzen da aldaketa maila? Azken legealdiko lehentasunen zerrenda osatu dut, norberak erabaki dezala aldaketak diren eta nabarmentzeko modukoak diren. Hizkuntzarena nabarmenena. Bilduko alkatea izan da lehen aldiz ahoz eta idatziz euskarari lehentasuna eman diona. Erabileratik eman dio lehentasuna: komunikabideei, udaletxeko langileei, herriko eragileei zein beste erakundeei euskaraz zuzendu zaie, lagunei bezala. Informazioa gaztelaniaz eskatzen zuten herritarrei bakarrik zuzendu zaie Cervantesen hizkuntzan. Lider alfabetatu borondatetsua iristeko zegoen alkate mahaira. Egin fabore, ez esan Orioko Udal-talde guztiek talde bilerak euskaraz egiten dituztenik. Esaterako, aipagai dudan testu hau gaztelaniaz idatzia dago eta hala argitaratu da periodikuan, ondoren ahal den moduan euskaratua izan da komunitatean jartzeko. Nabarmen. Aitortuko dizuet nazio mailan bi alderdi abertzale nagusiek euskarari lehentasun gehiago ematea nahiko nukeela. Orion, Bilduk eta Orioko Udalak, lehentasunez euskaraz egin du lan.

Aldaketa gehiago: oinezkoei lehentasuna emateko aktuazio txikiak egin dira, natur ondasunak zaintzeko borondatea eta diru-laguntzak lortzeari lehentasuna eman zaio, eragileei hitzarmenak egokitu eta diru-laguntzak indartu zaizkie, festetan herriko plaza beteta ikusi nahi duela adierazi zuen Bilduk eta zinegotziak lanean aritu dira hori lortzeko. Otordu-festak neurtzearen alde agertu zen Bildu hauteskunde kanpainan eta txuleta nahiz erreboiloa kentzea proposatu zuen batzordean. Onartu egin zen, gehiengoak hala nahi zuelako. Panorama kulturala aberastea, alkatearen protagonismoa bere lekura ekartzea, komunikazio eta gobernu gastuetan erdia gastatzea, hilerriari hamar aldiz gutxiago gastatuta soluzio txukuna aurkitzea, kanpina errentagarriagoa eta biziagoa bihurtzea... Ez al da aldaketa?

HAMABI MILIOI. Ez da egia. Egunkarietan titularra aireratu izan du EAJ alderdiak behin eta berriz. Udalean dagoen alderdi bat baino gehiagok eskatu dio txostena udal idazkariari. Plenoan azalpenak ere eskatu dizkiete herritarrek, eta “zerrendaburua ez dago eta berak eramaten ditu gai horiek” erantzun zuten. Bildu eta Orainek udal gobernua hartu zutenean ez zeuden hamabi milioi euro. Behin eta berriz esan arren gezurra ez da egia bihurtzen. Horrez gain, errepasa dezagun zertan gastatu den remanenteko dirua: aurreko legealdian Foru Aldundiari itzuli ez genion dirua itzultzen, teknifikazio zentroak utzitako zuloa estaltzen, besteak beste.

EZ DU EZER EGITEN. Zerbait egitea aktuazio urbanistiko esanguratsuak egitea bada, akabaramos. Ez al da hobe ezer ez egitea? Handitasunean, berritasunean eta extragabantzian neurtuko al dugu aurrerapena? Bilduk garbi esan zuen hori etetera zetorrela. Progresoa hitza abiadura handian balio gutxitu dugula. Etxe hutsak kontuan hartzera, proiektu berriak egin aurretik lehendik dauden zerbitzuak hobetzera sartu ginen Orioko Udalera. Merezi badu egingo dugu, ez izan zalantzarik. Egin dugu eta egingo dugu, baina ez gara porlan metroekin txoratzen.

Azken kontu bat, guztiaren oinarrian: desadostasunak eztabaidatzeko prest, ibili garen tokitan arrasto hori uzten saiatu gara. Hori bai, egia esanda. Politikan edozer gauza egiteko dagoen jendea aurkitu dut mahairen beste aldean. Dena ez da zilegi. Edozer gauzak ez du balio. Gezurra esateak ere ez.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide