359. dortsalaren historia

Erabiltzailearen aurpegia Jakes Goikoetxea 2016ko mai. 24a, 08:03

Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren kronika pertsonala. Ederra eta gogorra izan da. Ahaztezina.

Zegama-Aizkorri dortsal bat da, 359.a, gerrian. Emozioa, urduritasuna eta katarro batek abaildutako animoa eta gorputzaldia, irteeran. Hori guztia ahantzarazten duen eta korrikalari denei oilo ipurdia jartzen dizkien irteera aurreko minutuak. Parafernalia. Aurreskua. Mikel Apaolazaren eta Deparen ahotsak. Korrikalarien arteko begirada urduriak eta beiratsuak. Zegamako elizako kanpaiak. Irteera azkarra. Azkarregia. Esprintean hasitako maratoia. Maldan gora jarraitzen duen esprinta. Arnasestuak. Ingurukoak ahaztu eta norbere lekua bilatzeko ahalegina. Lehen kilometroaren seinalea. 41 falta dira. Korrikalariak ezker-eskuin pasatzen. Tarteka baten bat atzean uzten. Lehen animoak. Jendetza Otzaurten. Eta basoan, isiltasuna. Isiltasun partekatua. Gorputzak azkarrago joan nahi, eta buruak ez erotzeko esatea. Boluntarioen gertutasuna. Anoa postuetan 1 Formulako autoek box-etan gurpilak aldatzen baino denbora gutxiago pasatzea, ura edota likido arrosak eta laranjak edaten. Orbela. Harriak. Zorrotzak eta leunak. Eta lokatza. Ez dakit samiek elurra izendatzeko dozenaka hitz dituzten, baina euskaldunok izan ditzakegu lokatz mota guztiak izendatzeko. Euria. Haizea. Hotza. Aterkiek babestutako ikusleak, Aratzen. Animoak. Gehienetan Jakes. Batzuetan James. Eskerrik asko. Mikel Laboa gogoan: «Maite ditut maite gure bazterrak, lanbroak ezkutatzen dizkidanean». Hanketako giharren lehen protestak. San Adriango kobazuloko magia laburregia. Jendetza Sancti Spiritun. Bigarren Zegama-Aizkorri izanda ere, hasiberriaren xalotasunarekin hunkitzea. Txirrindulari sentitzea, Tourrean mendate ezagun bat igotzen. Animoak belarriaren parean. Zintzarriak. Mikel Laboa, berriro: «Maite ditut maite gure bazterrak, jendeak ezkutatzen dizkidanean». Aizkorriren gogortasun tentea. Hortzak estutzea. Lasterketa utzi duten korrikalariak behera, urre eta zilarrezko tapakiek hotzetik babestuta, hortzak kriskitin bihurtuta. Jendea arropa gutxirekin. Ez ganorazko zirarik, ez txanorik. Korrikalari bakarra eskularruekin. Aizkorri. Jendetzarik ez. Eskuak izozten. Galtzetan egindako pixaren epela. Arkaitz zorrotzak gailurrerian. Korrikarik ez. Eskuen laguntza. Pauso traketsak eta behartuak. Hanketako gihar guztiak kexuka. Lasterketa bukatzeari buruzko zalantzak. Familiaren jokerra erabiltzeko ordua: zain daude Zegaman. Arbelarrera jaisteko txirrista. Korrikalariak zilipurdika. Harriak maldan behera. Eta, azkenean, berriro ere korrika. Giharrak beren onera bueltatzen. Urbia. Aurrera. Andraitz. Jaitsiera. Atzerako kontua. Pausoetatik oinkadetara. Abiadura. Gozamena. Lokatza. Lokatzak. Helmugako bozgorailuen oihartzuna. Korrikalarien arteko animoak. Murtziako gizon bat, autoan 900 kilometro egin eta gero, korrika, lokatzak harrituta. Zegama. Ikusleen eskuak hesiak jotzen. Etxekoak. 3 urteko semea korrika egiteko prest. Helmuga. Barne lurrikara bat.


Ez da lasterketa bat, esperientzia bat da. Ahaztezina. Guztiontzat. Eskerrik asko, Zegama.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide