Luzarbe atsedenlekutik erraustegira!

Instituzio bat dago atzetik, udal elkartea, eta estrategia garbi bat; goi goian, Lourdes Salsamendi. Ez da urte erdia pasa hurrengo hitzokin birziklapenaren kanpaina hasi zutela: "Herritarra inplikatu nahi dugu eta bat eginik Urola Kosta garbi, ekologiko, jasangarri eta politika publiko partekatuan oinarri eraikia garatu”

Pandemiaren hasieratik ona, murrizketa neurriek onartzen zuten heinean, hiri eta herriguneetatik  irten eta naturagunera jo dugu guztiok nahaspilan. Asteburuan benta inguruko merenderotik bueltatxo bat ematea nahikoa zen, beldurtu eta lasaitasun bila Urbil merkatal zentrora ihesi joan nahi izateko. Astelehenean berriz ere bertara jo eta orain bai, bakea nagusi. Baina, hara!! Pasatako egun bikainaren eskertzan, zabortegi bateko irudi ximela mutur parean; ikaragarrizko hondakin pila lurrean eta edukiontzirik ez begi-bistan. Noski, gazte kuadrillen desfaseak prezio bat du, aiiii...gazteak…  Gazteek eramango ahal zituzten edukiontziak etxera?

Bueltan bueltan zer egin du zabor kudeaketaren eskumena duen Urola kostako mankomunitateak honen aurrean?  Lehenago zabor edukiontzirik ez zen lekuan, ipini dituzten bost edukiontzietatik lau errefuxarenak dira. Gauza bera, Benta jatetxea zenaren parean dagoen edukiontzi gunean. Ai... zein arduragabeak diren gure gazteak…

Gertakari horrek, instituzio bat du atzetik, udal elkartea, eta estrategia garbi bat; goi goian, Lourdes Salsamendi. Ez da urte erdia pasa hurrengo hitzokin birziklapenaren kanpaina hasi zutela. “Herritarra inplikatu nahi dugu eta bat eginik Urola Kosta garbi, ekologiko, jasangarri eta politika publiko partekatuan oinarri eraikia garatu”. Inplikatu zertan? Herriaren begi-bistan ezin egin horrelakorik. Bai ordea, zaborraren arazoa azkenengotzat sentitzen duten merenderoaren erabiltzaileen aurrean. Noski, guztiak ez ditugu zaku berdinean sartuko, baina asteburua joan asteburua etorri bertan aurkitu dugun panoramak baieztapen hau egiteko baimena eman digu.

Gure Agintariak Erraustegia piztu bezain pronto konturatu dira Gipuzkoan ez dela erraustegiak behar duen adina zabor sortzen; bi labeetatik bat soberan dute lehen momentutik. Jakitun dira sortzen duten errefusa behar beharrezkoa dela erraustegia elikatzeko eta Oriok tximinia toxiko hori muturren aurrean izanagatik, ez du birziklapenean hobetzeko ahaleginik egiten. Urola Kostako mankomunitateak eta eraginkortasun gutxiko gaikako bilketa duten beste herriek ez dute hobetzeko borondaterik. Ulertezina eta lotsagarria egiten zaigu herrian jarri berri dituzuen txabolatxo eta informazio gune horietan indarrak ipintzea, Gipuzkoako herri askok ardurazko gaikako bilketa arrakastatsu baterako bidea zein den erakutsi dutenean. 

Horren harira, urteetan zehar bere alderdi politikoak erabili duen azpijokoa birziklatu eta egitasunetik hitz egin dezan eskatzen diogu Lourdes Salsamendiri. Zein da bost edukiontzitik,  lau, errefusarenak jartzearen arrazoia? Min eman arren, onartu genezake zabor bilketa arduragabe bat eta erraustegi bat, herritarrak ongi eta zintzo informatuak izan eta irtenbide hori hautatuko balute. Kaleetan kolore bakarreko edukiontzia izan eta zuzenean erraustegira bidali, guztia erre eta guztiak intoxikatu. Ez jolastu ordea herritarrekin eta amalurrarekin, begi-bistakoa da zuen diru gosea, maltzurkeria eta politikeoa!!!

Bukatzeko, datorren astelehenean birziklapenaren eguna izanik, ohartu zaitezte gure agintarien hitz eta ekintzen atzeko xake partida mugimenduez. Honi aurre egin ezean, zaborrak begien bistatik kenduko dizkigute, bai, baina hauek erretzean sortzen diren gas isuri, zepa eta errauts toxikoak konponbiderik ez duten kalteak eragingo dizkigute osasunean eta ingurumenean.

AZPIJOKODUN POLITIKEOA ERRAUSTU!!!

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide