Nesken traineruaren neurria

Orioko emakumezkoen trainerua Getxon. (ACT)

Karkaran honako iritzi artikulua argitaratu du Idoia San Sebastianek. Emakumezkoei egokitutako traineruen falta izan du hizpide.

1971ko uztailaren 30ean jaio nintzen Orion. Gaur egun 52 urte ditut. Bederatzi urterekin saskibaloian jokatzen hasi nintzen, Joakin Aranburu entrenatzailearen aginduetara. Eta bederatzi urtez saskibaloian aritu nintzen, 18 urte bete nituen arte, inongo lesiorik izan gabe,  beti tamaina eta pisu egokia zuten baloiak eta altuera egokia zuten saskiak erabiliz.

11 urterekin atletismon hasi nintzen eta lau urtez aritu nintzen korrika La Salle Ikastetxearekin. Gaur egun, korrika jarraitzen dut. Arraunean ere jardun nintzen: Zergatik Ez erronkan parte hartu nuen eta orduan konturatu nintzen, arraunean, neskek lesio ugari izaten ditugula.

Lehen esan bezala, korrikalaria naiz eta zauri larri bat soilik izan dut: espoloi bat. Korrika egiteko, oinetako aproposak topatu ditut beti eta atletismoko proba desberdinetan parte hartu ondoren (hezi-lasterketan, pisu-jaurtiketan...) oso eroso egon naiz beti. Ez, ordea, arraunean jardun nintzenean.

Pasai Donibaneko Erreka ontziko arraunlari-ohia eta egun Deustuko Unibertsitatekoi irakasle Patxi Leon konturatu zen emakumeak solbaldako zauri gehiago izaten dituztela eta, ildo honi jarraiki, arraunlarien keinuen azterketa biomekanikoa egin zuen ergometroan eta traineruan. Eta, ikerketa horren ondorioz, emakumeen ezaugarrietara egokitutako ontzia eraiki beharko litzatekeela ondorioztatu zuen. Horretarako, 40.000 euro inguruko inbertsioa egin beharko litzateke. 

Bestalde, jakina da aulki mugikorrean luzera desbedina duten ontziak erabiltzen dituztela, kirolarien pisuaren arabera. 

Beraz, nire uste apalean, bada garaia neskei egokitutako traineruak egiteko, berrehun kilo eta hamabi metro luze duten gizonezkoen traineruak erabili beharrrean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide