Egurraren denboretan

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Gaiton 2022ko api. 23a, 16:30

Zura eta ura liburua izan dut esku artean azken egunotan. Argazkiekin eta testu laburrekin ondutako argitalpen bat da, eta benetan interesgarria egin zait liburuaren gaia: baporeak eta txalupak egurrarekin egiten ziren lehen, eta urte gutxiren buruan, material sintetikoek ordezkatu zuten egurra. Poliesterra eta beira zuntza nagusitu izanaren ondorioz, kofradia eta portuetako kolore biziak desagertzen joan dira, eta horrekin batera, identitate galera bat gertatu da, egileek azaltzen duten modura. 

Sarrerako testuan, Euskal Herriko portuen "basamortutzeari" erreferentzia egiten dio Konrado Mugertza argazkilariak, koloreen eta freskotasunaren galera bati, besteak beste, poliesterra "beti berdina" delako eta falta zaiolako "egurraren noblezia". Argazkilariak dotore jaso ditu irudietan "ontzioletako hormetan egiten ziren kolore probak, txalupa zaharren egurraren pintura geruzak agerian eta herdoilaren geografiak burdina zaharkituaren azalean", bere hitzekin dioen bezala. 

Argazkiak hain dira koloretsu, bizi eta freskoak, non, orriak pasatu ahala, gure herriko kofradian eta moilan izaten zen usaina aditzea ere posible egiten den ia-ia. Esku artean hartuz gero, liburuak memoriaren hautsak harrotuko dizkio Orion urteak daramatzan edonori. 

Gaia aldizkari honetan kokatuz, Zura eta ura liburuak eta Martin Peronaren elkarrizketak badute lotura. Perona arotza izan zen erretiroa hartu arte, eta lantokikoez gain, egurrarekin beste makina bat lan ere egin izan du: horien artean, Oteizaren Pietatearen erreplika eta hiru traineru (laugarrena poliesterrarekin eta beira zuntzarekin egin zuen). Portuen eraldaketara itzuliz, Itxaro Bordak liburuan dio mundu gero eta zuriago batera goazela, zapore eta usain gabea den mundu batera. Idealismo ariketatxo bat eginez, Martinen lokala Bordak aipatzen duen mundu berriaren kontrapuntu bezala irudikatzea gustatzen zait; bere tailerrean oraindik bizi-bizirik jarraitzen dute egurrak, haren usainak eta esku lanerako bokazioak. 

Poliesterrak "onura ukaezinak" ere badituela aitortzen du Mugertzak liburuan, baina bere zuritasun "arrunt, antzu eta berdintzailea" globalizazioaren alde ilunetako baten isla dela dio; hau da, "erabili eta bota", kontsumo azkarreko jendartearen erakusgarri. Material sintetikoak hobeto egokitzen dira bizi garen erritmo erora, baina egunotan pentsatu izan dut, agian zoriontsuago biziko ginatekeela egurrak markatutako denborak gehiago errespetatuko bagenitu; osasuntsu eta orekatuago bai behintzat, gure burua zurak eskatzen duen kontu, goxotasun eta arreta berarekin zainduko bagenu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide