Itsas ondarea eta bokazioak

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Gaiton 2022ko ots. 26a, 09:00

KARKARAren 436. zenbakian plazaratutako artikulua, 'Iritzia' atalean.

Azken asteotan, anguleroen eta bi arrantzale gazteren inguruan idazten jardun dut aldizkarirako. Idatziz bada ere, poza eman dit haiekin batera motor txikietan eta atunontzietan ibiltzeak, eta are pozgarriagoa egin zait arrantzak orriotan oraindik tokia irabazia duela ikustea.

Beste gauza askoren artean, herrian gertatzen denaren isla izan behar du KARKARAk. Moilan amarratuta dagoen bapore kopurua murrizten joan den heinean, arrantzak ere pisua galdu du aldizkarian, beste gai batzuei tokia eginez. Herria eta aldizkaria, biak etengabeko aldaketan bizi direla ulertu behar da, horrek dakarren on eta txar guztiarekin.

Aitor Urrutia eta Imanol Azpirozen kasua ez da ohikoa herrian, gaur egun oso gutxi baitira bokazioz itsasora joateko hautua egiten duten arrantzale gazteak. Haien elkarrizketa idazten ari nintzela, Iñigo Martinez filosofoaren Mandamentu hipermodernoak liburua izan nuen buruan bueltaka. Ondare kulturalari erreferentzia eginez, errealitatea ulertzeko eta eraldatzeko balio behar duela azpimarratzen du Martinezek pasarte batean. Ideia bera sinplea da, ez du ezer berririk esaten, baina badu tira egiteko hari mutur bat. Gure mundua ulertzeaz gain, eraldatzeari ere egiten dio erreferentzia filosofoak; hau da, eboluzionatzeari.

Gehiago edo gutxiago, Orion presente dugu itsas-ondarearen inguruko ulermen ariketa, eta badira modu kontzientean atzera begira jarri garela erakusten duten adibideak: gure itsas historiari buruzko argitalpen dezente daude; 2001ean, arrantzaren gainbehera hasia zela, Balearen Eguna ospatzen hasi ginen; Orioko Curriculuma osatzeari ekin genion urte batzuk geroago; Mutiozabal ontziola herriari irekiko zaio aurten; Errioa, gure nortasuna liburuxka plazaratu du udalak berriki, herriaren izaera definitzen laguntzeko helburuarekin.

Iraganaren ulermen ariketa bideratu samarra izanik, errealitatearen eraldaketan dugu erronka handiena orain. Esparru horretan aurrera egiteko, haur eta gaztetxoei pizgarriak ematea izan daiteke bide interesgarri bat, estimuluak, itsas giroaren bueltan piztu daitezkeen bokazioak garatu ditzaten. Orion ontzigile apartak ditugu oraindik, punta-puntako surf taulagile eta ingeniari nautikoak, ibaian eta itsasoan inspirazioa aurkitu duten musikari, zinemagile eta moda diseinatzaileak, arrauna ofizio bilakatu duten goi mailako entrenatzaileak eta nazioartean lanean diharduten ozeanografoak, ogibide batzuk aipatzearren. Erreferenterik ez zaigu falta.

Errioaren eta itsasoaren bueltan pilatutako ezagutza izan da Orioren bereizgarri eta balio erantsi nagusia, eta horrek eman dio aberastasuna herriari, zentzu guztietan. Aurrera begira, itsas ondareak haur eta gaztetxoek latente dituzten bokazioak esnarazteko balio behar digu, norbanako bakoitza eraldatu eta, aldi berean, herri modura eboluzionatzen jarraitzeko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide