Zientzialariei mehatxuka

Erabiltzailearen aurpegia Herrio Natur Taldea 2022ko abe. 18a, 10:37

Angula motorrak errio bazterrean. (Aiora LarraƱaga Solaberrieta)

Herrio natur taldeko kideek gutuna bidali dute KARKARAra, Europako Batasunak 2023tik aurrera aisialdirako angula-arrantza debekatuko duela jakinarazi duenetik, gertatzen ari dena salatuz. Izan ere, Azti ikerketa-zentroko ikerlari Esti Diaz sare sozialetan mehatxuak jasotzen ari dela azaldu dute natur taldeko kideek.

Europar Batasunak debekatu berri du angularen aisialdirako arrantza. Alegia, Oriako errioan egiten dena. Euskadiko Anguleroen Elkartea kexu da, uler daitekeenez. Oraingoan, ordea, kexuez haratago joan dira angulero batzuk, AZTI ikerketa-zentroko Esti Diaz zuzenean mehatxatu baitute sare sozialetan. Honen aurrean gutun hau sinatzen dugun HERRIO natur taldeko kideok zera adierazi nahi dugu:
1.- Azterketa genetikoek argi utzi dute Europako aingirak populazio bakarra osatzen duela Mediterraniotik Eskandinabiara. Ez da beste arrain espezie asko bezala non hainbat populazio dauden, agian bat ondo doana eta beste bat ez.

2.- Jarraipen zientifikoak ezin argiago utzi du populazio hau gainbehera doala eta jada suntsipen-arrisku kritikora iritsi dela. Arrisku-maila hau, jendeak ulertu dezan, panda hartzarena baino handiagoa da.

3.- Itsasoa Kontserbatzeko Nazioarteko Kontseiluak, Europar Batzordeari arrainen ustiapenaz aholku zientifikoak ematen dizkion aditu taldeak, egoera honetan eman zezakeen aholku bakarra eman du: aingiraren harrapaketa guztiz debekatzea, hau baita espeziearen biziraupena ezezik, anguleroek aldarrikatzen duten arrantza tradizionalaren etorkizuna bermatzeko modu bakarra. 

4.- Aholku horietan oinarrituta, Europako Batzordeak Ministroen Kontseiluari arrantza migrazio garaia 6 hilabetez ixtea proposatu zion.

5.- Ministroek erabateko debekua ez, baina aisialdi-arrantza debekatzea eta komertziala murriztea erabaki zuten.

4.- Arrantza, beste kudeaketa guztiak bezala, unean uneko datu zientifiko onenetan oinarritu behar da. Antxoaren geldialdi biologikoak erakutsi zuen moduan, zientzialarien aholkuak ezinbestekoak dira arrantzaren etorkizuna bermatzeko.

7.- Egoera honetan, Esti Diaz, AZTIko zientzialaria mehatxatzea lotsagarria iruditzen zaigu. Are gehiago kontutan hartzen badugu ez dela bera debekua agindu duena, datu zientifikoak bildu eta analizatu dituen taldeko partaidea baizik. Uste dugu Euskadiko Anguleroen Elkarteak mehatxu horiek gaitzetsi eta Estiren alde agertu beharko lukeela, bere aholkuekin bat etorri zein ez.

8.- Amaitzeko, inork gu ere mehatxatu nahi bagaitu, hemen behean sinatzen dugu, inongo zalantzarik izan ez dezan.

Sinatzaileak:
Onetsine Arrizabalaga de Mingo
Joanna Domingo Ondozabal
Arturo Elosegi Irurtia
Jon Larrañaga Zulaika
Garbiñe Manterola Agirrezabalaga
Eneritz Odriozola Irastorza

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide