Datuak hor daude. Pausoka ekoiztetxean hamar bat lagunek egiten zuten lan Goenkale-ren aurretik; telesaila egiten hasi zirenean, 120 lagun ari ziren lanean. Lehen urteetako ikusle datuak ez dira nolanahikoak: lehen denboraldian, 105.000 ikus-entzule Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —%12,9ko ikusle kuota—; bigarrenean, 106.000; hirugarrenean, 98.000; eta laugarrenean, 107.000. Bihar betetzen dira 30 urte euskarazko telebistak izan duen folletoirik luzeena eta arrakastatsuena ematen hasi zirenetik. ETB1ek 22 denboralditan eman zuen Goenkale: 3.708 atal, euskara egokian. Telesail hark izan zuen garrantzia nabarmendu dute aktoreek, errealizadoreek eta euskara arloko adituek.
Luis Alberto Aranberri Amatiño eta Jose Mari Otermin arduradun ziren ETBn 1993. urtean, eta Cardiffera egin zuten bidaia bat mugarri izan zen. Galesko telebistan eguneroko telesail bat egiten zuten: Pobol y Cwn (Haraneko jendea). Egunero ordu erdiko fikzio bat egiteko formula eskaintzen zuen haien lan molde hark, eta Euskal Herrira itzultzean ekoizleei galdezka hasi ziren ea nork erronka hartuko. Pausoka ekoiztetxeko Pedro Ruiz Aldasorok baiezkoa eman zion erronkari.
Ekoiztetxe hori ETBrekin elkarlanean hasi zen, lehen atalak emateari ekin arte. "Baina proba moduan hasi ginen, inork ez zuen aipatzen hura luzarorako izango zenik", gogoratu du Miren Gojenola aktoreak —lehen urteetan Amaiaren rola jokatu zuen; aktore zuzendari aritu zen gero urte luzez, eta moja baten rola jokatu zuen azkeneko denboraldietan—.