Kafea hartu eta abante Jabier. Gidariaren ondoko eserlekuan joaten zinen beti, urtetan Manuel Lasarte eraman zenuen aulkian. Hitzaren errementariaren txoferra eta Errikotxia bertso eskolako espedizio burua. Dozenaka sekretu, ehundaka bertso saio eta milaka kilometro. Ortzaika, Zarautz, Lasarte, MarkinaXemein, Urretxu, Elizondo, Gasteiz edo Uztaritze. Txapelketa Nagusia edo GR bertso bidea. Oholtza edo sagardotegia. Aimar Olaizolaren partiduren bat tokatzen ez bazen, hantxe beti papera eta boligrafoa hartuta. Kamiseta horia, bastoia eta txapela. Bertsoa estimatzen zenuen, lanaren zailtasuna baloratu. Goitik beherako bertsoekin gozatuz eta ezinean ari zenari txalo joz. Asko eztabaidatu dugu. Jabier bertsolaria pentsatzen ari denean ez hasi karameluari papera kentzen. Jabier Lapurtarrari ez zaio frantsesa deitu behar. Asko ikasi dugu elkarrekin: autodeterminazioa kontzeptu zabalegia dela zortziko txiki batean sartzeko, ez dela kabitzen. Zure ahotik entzuna da bertsoak, ona izatekotan, herria, hizkuntza edo euskara amaitu behar duela. Hirurak batean Biraola: herria, hizkuntza eta euskara. Plazera izan da, Abante Jabier!