EHBildu-Orio. 2016-05-05. PLAN OROKORRA. Ia urtebete da, EAJk, gutxiengoan hartu duela udala gidatzeko ardura. Orain arte, kanpainan esan zituen egitasmoen artean ezer gutxi egin duela ikus daiteke, Bilduk gidatzen zuen udal gobernuak eraikitako proiektuen inaugurazioak kenduta behintzat: (ludoteka, euskaltegia eta arrantzale kaleko bidegorria ). Proiektu hauek herritarren eskaeraren ondorio izan ziren, eta udal gobernuak hauek gauzatzeko baliabideak ezartzea besterik ez zuen egin.
Bada ordea, oriotar guztiontzat eragin zuzena duen prozesua erabat garrantzitsua. Etorkizuneko Orio nolakoa izango den definituko duen prozesua. Behin baino gehiagotan entzun dugun Plan Orokorra. Zer eta nola eraikiko den, eta zein zerbitzu izango ditugun definitzeaz gain, ingurumenari eman nahi diogun garrantzia definituko duena.
EHBilduk argi dauka, hau ezin dutela ez udala ordezkatzen duten 13 zinegotzik bakarrik eztabaidatu, ez eta udal teknikariek diotena bakarrik kontuan hartu, herritar guztien artean erabaki beharreko prozesu bat da. Guztien artean. Udalak beraz horretarako dituen baliabide guztiak jarri behar ditu. EHBilduk aurreko legealdiko azken urtean, Orio 2030 izeneko parte hartze prozesua ireki zuen, eta zenbait oriotar hurbildu ziren informatu eta beraien iritzia ematera. Baina argi zegoen, lehen fasea besterik ez zela, eta EHBilduk programatuta zeuzkan gutxienez horrelako beste bi fase legealdi berrian gauzatzeko.
EAJk plan orokorraren garapena izkutura eraman du. Udaleko lau pareta artean egosi nahi du. Teknikariekin eta gehiengoa ematen dien politikariekin. Oriorentzat arazoak besterik ekarri ez dituen aurreko plan orokorraren erredakzioa errepikatu nahi du. Interes partikularrak lehenetsiko diren zementuzko herria.
EHBilduk EAJren gobernuari behin baino gehiagotan eskatu dio herritarren parte hartze prozesu berri bat ireki dezan, edo gutxienez aurrekoari jarraipena eman diezaion. Beste gai askotan bezala, kasurik ez digute egiten. Horregatik herritarrei eskatu nahi diegu, udal gobernuari exigitu diezaion Orioko Plan Orokorraren dokumentua osatzeko parte hartze prozesu bat.