Emusik 2016 Orion

Europako Musika Eskolen Jaialdia de Emusik. Aurten 12. edizioa du eta Donostia 2016 programak hartu du bere gain antolaketa. Jaialdiaren barruan musika-emanaldi bat izango da Orioko plazan maiatzaren 6an, 17:30ean hasita.

 

Orioko musika-emanaldia

Jaialdian Europa osotik etorritako musika eskolek hartuko dute parte eta kontzertuak emango dituzte maiatzaren 6an eta 7an Euskal Herriko eta Errioxako 59 herritan.

Orioko kontzertuan honako taldeek joko dute: Sofiako Narodni Buditeli musika eskola, Talavera de la Reinako musika eskola, Eslovakiako Zus Nizna musika eskola eta Luxenburgoko Ecole de Musique de ville de Dudelange, d'Echternach, Käerjengko ikasleek joko dute eta Danbolin musika eskolako ikasleak izango dira anfitrioi.

Honako hau izango da kontzertuaren programazioa:

1.- Danbolin musika eskolaren AGURRA europar guztiei.

2.- Denok batera: Europar ereserkia.

3.- Talavera de la Reinako musika eskola (Castilla la Mancha, Espainia).

4.- Narodni Buditeli musika eskola (Sofia, Bulgaria).

5.- Danbolin musika eskolako trikitixa taldea.

6.- Zus Nizna musika eskola (Nizná, Eslovakia).

7.- Dudelange, d'Echternach, Kaerjengo musika eskola (Luxenburgo).

8.- Denok batera: Musikatu bizitza.

120 kontzertu baino gehiago Euskal Herrian eta Errioxan

Europako milaka musika-ikaslek hartuko dute parte Emusik jaialdian. 20 herrialdetatik etorritako musika eskolek parte hartuko dute eta programazio zabala eskainiko dute Euskal Herriko eta Errioxako 59 herri eta hiritan.

Donostia eta beste 58 herri eszenatoki bihurtuko dira maiatzaren 4tik 7ra Europako musika eskoletako 8.500 ikaslek emango dituzten 120 kontzertu baino gehiagorako. Musika Eskolen Europako Elkarteak (EMU) antolatu du Emusik, Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburuaren proiektuaren barruan.

Europako ondoko herrietatik datoz musikariak: Espainia, Bulgaria, Txekiar Errepublika, Danimarka, Estonia, Finlandia, Frantzia, Alemania, Hungaria, Italia, Letonia, Liechtenstein, Luxenburgo, Norvegia, Austria, Polonia, Eslovakia, Suedia, Suitza eta Herbehereak.

Musikak batzen gaitu

"Musika batzen gaituen hizkuntza komuna da" premisatzat hartuta, ekitaldia aukera paregabea izango da kultura eta herrialde ugaritako ezagutzak eta esperientziak partekatzeko eta Europako herrien arteko hurreratzea eta hartu-emana bultzatzeko.

Horrez gain, festa eta musika-ospakizunaz aparte, festibalak bistara ekarri nahi du musika eskolek egiten duten lan nekaezina.

Emusik programa maiatzaren 4tik 7ra

Emusik maiatzaren 4an eta 5ean hasiko da Euskal Herriko hamar herritan izango diren hogei kontzertuk osatutako aperitiboarekin. Gehienbat, tokiko ikasleak izango dira kontzertu hauek emango dituztenak Donostian, Amorebieta-Etxanon, Angelun, Hernanin eta Tafallan, besteak beste.

Aurrefestibalaren egunekin bat eginez, EMU Musika Eskolen Europako Elkartearen aldizkako batzarra ospatuko da. Lan-jardunaldi hauetan elkartea osatzen duten herrialdeetako hainbat ordezkari izango dira elkartearen eta jaialdiaren etorkizun hurbilari buruzko erabakiak hartzeko.

Programaren inaugurazio ofiziala Donostia Arena 2016 espazioan (Illunbe) izango da maiatzaren 6an. Hemengo zein atzerriko 8.500 musika-ikasleentzako topaketa honetan, musika eta dantza batuko dira errepertorio anitz batean, besteak beste, Donostiako martxa, Txanton Piperri, Europako ereserkia eta Emusikerako propio konposatutako abesti bat: "Musikatu bizitza".

Ondoren, maiatzaren 6an eta 7an 120 kontzertu baino gehiago emango dira 59 herri anfitrioietan. Kontzertu-sorta hori izango da programaren barruko ekimen nagusia.

Jaialdia maiatzaren 7an amaituko da, 20:00etan, Saguesen ospatuko den bukaera-festa irekiarekin. Ospakizun jendetsu horretan egoitzetako ikasleek osatutako Big Band batek joko du, ekitaldirako propio sortutakoa eta Europako eskolen ikasleen laguntza izango duena. Ondoren, DJ saiao izango da.

 

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide