Mikel Markezek eta Pako Aristik elkarrekin ondu duten Gora euskal kantagintza gida didaktikoa aurkeztu zuten atzo Donostian bi egileek eta Goizane Alvarez Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatuak. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Eskola programaren katalogoan txertatzeko sortu dute Urrestillako idazle eta musikariak eta Orioko bizilagun kantariak; "tresna pedagogiko berritzailea", aldundiaren aburuz.
12 eta 16 urte arteko nerabeen artean euskal musika eta kultur ondarea ezagutaraztea eta sustatzea da gida didaktikoaren helburua. Euskal musikaren eta kantugintzaren errepasoa egiten du Aristiren eta Markezen gidak, lehen erreferentzietatik abiatuta, gaur egungoetara iritsi arte; hamalau ataletan banatuta, hainbat gai jorratu dituzte bi artistek ikasleei zuzendutako gidan: abesti tradizionalak, Ez Dok Amairu mugimendua, euskal rock erradikala, literaturaren eragina, bertsolaritza musikan, edo plataforma digitalen eta sare sozialen inpaktua. Atal bakoitzean "ikasleen ikaskuntza aktiboa eta gogoetatsua sustatzeko diseinatutako jarduerak eta galdetegiak" ditu gidak.
"Konstelazio distiratsu bat"
"Interneten eta adimen artifizialaren garai honek ekarriko dizkigun erronka berriei adi, hemen duzue euskal kantagintzaren orain arteko historia, zuen esku bere edertasunean". Hitz horiekin aurkeztu zuen Markezek Gora euskal kantagintza gida didaktikoa. Aristik, bere aldetik, euskal musikagintzaren historiaren laburpen bat harilkatu zuen: "38.000 urte dauzka euskal musika tresnarik zaharrenak: Isturitzeko haitzuloan aurkitu zuten hezurrezko flauta bat da. 1900. urtean grabatu ziren euskarazko lehen abesti eta testuak, Parisen ospatu zen Erakusketa Unibertsalaren aitzakian. Hori baino lehen, Iparragirre, Etxahun eta beste asko izan ziren. Eta ondoren, 1960an, Mixel Labegueriek eman zion hasiera euskal kantagintza berriari. Eta haren atzetik, konstelazio distiratsu bat, milaka izarrez betea".
Gora euskal kantagintza gida eskuragarri dago jada Kultura Eskolaren katalogoan, "eta funtsezko baliabidea izango da aurrerantzean Gipuzkoako hezkuntzaren arloko kultura eskaintzan", aldundiaren arabera. Alvarez foru diputatuarentzat, "Gora euskal kantagintza gida baliabide zinez baliotsua da datozen belaunaldiei gure musika ondare aberatsa transmititzeko". Aristiren eta Markezen lanarekin "gazteak hezi, inspiratu eta haien emozioak piztu" nahi dituztela gehitu zuen Alvarezek, "gure historia hobeto uler dezaten eta kultura aniztasuna balora dezaten lagunduz".