Edukiontzien erabilera zuzena bultzatzeko kontzientziazio kanpaina jarri du martxan UKUEk

Andrea Zipitria 2023ko eka. 15a, 11:00

Hondakin bakoitza dagokion lekuan lelopean aurkeztu du kanpaina Urola Kostako Udal Elkarteko Ingurumen Sailak. Helburu du "hondakin bakoitza bere lekuan botatzearen eta gaika egoki birziklatzearen inguruan herritarrak sentsibilizatu eta kontzientziatzea". Kanpainaren baitan, hiru kamioiren errotulazioa egin dute eta hainbat bideo labur ekoiztu dituzte sare sozialetan zabaltzeko. Halaber, eskualdeko bost udalerrietan bolumen handiko hondakinak botatzeko egun eta ordu zuzenak gogorazi dituzte.

UKUEtik azaldu dutenez, eskualdean gaika biltzen diren hondakinen birziklapen datuak "onak" diren arren, -% 68,31-, bada oraindik hondakinak edukiontzi okerrera botatzeko joera eta zenbait hondakin, esaterako, etxetresnak edo bolumen handiko hondakinak ordu, egun eta kokapen okerrean ere utzi ohi dira sarritan.

Hori horrela, Ingurumen Sailak kanpaina berria jarri du martxan Hondakin bakoitza dagokion lekuan, lelopean. Helburu du, "edukiontzien erabilera zuzena bultatzea eta gaika modu egokian birziklatzeko hondakin bakoitza bere lekuan botatzearen garrantziaren inguruan herritarrak sentsibilizatu eta kontzientziatzea".

Kanpainaren baitan, hondakinak biltzeko hiru kamioi errotulatu dira edukiontzien erabilera egoki hori bultzatzeko mezuekin. Horrez gain, hainbat bideo labur ere ekoiztu dira, sare sozialetan zabaltzeko: Instagram: @ukueingurumena ; Facebook: UKUE ingurumena.

Bideo horietan, egoera desberdinak irudikatzen dira, esate baterako, organiko edo errefusaren edukiontziak zabaltzeko okerreko txartelaren erabilera, zabor poltsa beltzak edukiontzien kanpoan edo lurrean uztea, edukiontzi bakoitzean dagokion hondakinak ez botatzea, kartoia tolestu gabe edota lurrean uztea edota bolumen handiko hondakinak ordu eta egun desegokian botatzea.

Bide batez UKUEk ohar bidez gogorazi du ondorengoak direla eskualdeko bost udalerrietan bolumen
handiko hondakinak botatzeko egun eta ordu zuzenak:

- Aia: astelehena, 20:00-22:00
- Getaria: astelehena, 20:00-22:00
- Orio: asteartea, 20:00-22:00
- Zarautz: asteazkena, 20:00-22:00
- Zumaia: osteguna, 20:00-22:00

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide