Festa giroan murgiltzeko prest dago Gipuzkoako hiriburua. San Sebastian eguna ospatuko dute bihar, eta gaur gauetik danbor burrunbak entzungo dira Donostiako kaleetan. Donostiarako joan-etorriak errazteko tren zerbitzu berezia izango da gaur gauean hiriburua eta kostaldeko herrien artean.
Hala, orduero izango dira trenak gaur gauez bi noranzkoetan. Zumaiatik lehen tren berezia 23:30ean aterako da, eta 00:30ean, 01:30ean, 02:30ean, 03:30ean, 04:30ean eta 05:30ean izango dira hurrengoak. Goizaldeko 06:00ekoa jada ohiko ordutegikoa izango da.
Donostiako Amaratik Zumaiara, berriz, 22:50ean irtengo du lehen tren bereziak, eta 23:50ean, 00:50ean, 01:50ean, 02:50ean, 03:50ean, 04:50ean eta 05:20an izango dira hurrengoak. Ordutik aurrera, lanegunetako ordutegia izango da indarrean.
Autobusen geraleku aldaketak Donostian
Bihar, San Sebastian egunez, Lurraldebuseko autobus batzuen geralekuak kenduko dituzte danborradak direla eta. 10:00etik 15:00etara bitartean, autobusak ez dira geldituko Zubieta Plazan eta Askatasuna Etorbidean; busak zuzenean Autobus Geltokira joango dira, eta handik aterako dira.