PAPEREKOA

"Osagarritasunaren aldekoa naiz"

Aitziber Arzallus 2022ko abe. 18a, 16:43

Garbile Larrea 'Sendabelarrek dakitena' liburua eskuetan duela. (Uztarria)

Abenduko aldizkarian, Osasuna atalean, Garbiñe Larrearen elkarrizketa argitaratu du KARKARAk, Sendabelarrek diotena liburuaren inguruan.

Duela aste batzuk Garbiñe Larrea Orion izan zen Sendabelarrek diotena liburua herritarren aurrean aurkezten, Zainbizi elkarteak gonbidatuta.

45 landarez hitz egiten duzu liburuan. Horietako zein nabarmenduko zenituzke negu garaiko ondoez ohikoenei aurre egiteko?

Plantain-belarra, eztul-belarra, birika-belarra, malba, intsusaren lorea eta ezkaia oso gomendagarriak dira urte sasoi honetarako. Arnasbideetako gaitzak tratatzeko onak dira, eta udazken zein neguan izan ohi ditugun katarro, gripe eta eztula tratatzeko balio digute. Ezintasuna biriketan edo bronkioetan badaukagu, eztul-belarra, malba eta plantain-belarra nahastu eta egunean bizpahiru infusio otordu ondoren hartzea ona litzateke, hirurak lehortuta eta kopuru berean nahastuta. Malba eztarriko narritadurak eta minak tratatzeko ona da, baita urdailekoak baretzeko ere. Hutsik har daiteke, baina baita aurretik aipatu ditugun beste hiru horietako batekin nahastuta ere. Intsusaz, esan ohi dut botika oso bat osatu genezakeela intsusatik abiatuta. Bere loreak ezkaiarekin nahastu eta infusiotan hartuta, asko baretzen ditu eztula eta eztarriko mina, eta mukiak kanporatzeko ere egokia da. 

Gero, erramua eta oreganoa bezalako sendabelar ahaztuxeak dauzkagu, askok sukalderako erabiltzen dituztenak. Nola azken urteotan kanpotik ekarritako sendabelarrak famatzen eta lehenesten ditugun, artemisia esaterako, badirudi hemen ez daukagula infekzioetarako sendabelar egokirik. Biak lehortu eta kopuru berean nahastuta, bikainak dira arnas zein digestio aparatuko ezintasunetarako. Niri bi horiek ezkaiarekin batera nahastu eta otorduen ondoren hartzea gustatzen zait, digestioa egiten laguntzen duelako, baita gorputza berotzen eta arnasbideak garbi mantentzen ere. 

Berbena eta pasmo-belarra bezalako sendabelar boteretsuak ere baditugu egoera larriagoak tratatzeko, baina ez dira edozeinek eta edozein modutan hartzekoak. 

Gomendagarria iruditzen zaizu herritarrek sendabelarren inguruan gutxieneko ezagutza izatea?

Osasunaren inguruan gutxieneko ezagutza izatea litzateke gomendagarria, eta hori, batez ere, elikadura eta bizitza estilo egoki baten bidez egin beharko litzateke. Izan ere, sendabelarrak egoera puntualetan eta beharra daukagunean erabili behar genituzke. Gutxieneko ezagutza duenak egunerokotasunean sortzen diren hainbat arazo (zauriak, kolpeak...) tratatzen jakingo du, eta hori oso erabilgarria eta interesgarria da. Gero, gaitz jakinetarako joera badugu (hezurretakoak adibidez) eta horiei aurre egiteko zein sendabelar eta nola erabili baldin badakigu, balio handikoa izango zaigu, horrek norberari autonomia ematen diolako.

Botikak sendabelarrekin ordezka daitezkeela iruditzen zaizu, ala elkarren osagarri behar dutela?

Ni osagarritasunaren aldekoa naiz, baina posible denean bakarrik; ezin denean, amore eman behar da eta botika hartu. Hainbat botika ezin dira ordezkatu; adibidez, diabetesa sendatzeko belarrik ez dago, baina gaixo horiek izan ohi dituzten zirkulazio arazoak hobetzeko sendabelarrak erabil ditzakegu. Elkarren osagarri izatea posible dela uste dut, botika eta sendabelarra egoki uztartuta, sinergia ona eginez.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide