PAPEREKOA

Herrian galdezka: Zer iruditzen zaizu Gabonetako argiak jartzea krisi energetikoaren garaiotan?

Erredakzioa 2022ko abe. 4a, 11:37

Abenduko KARKARA aldizkarian, herritarrei Gabonetako argien inguruan galdetu diegu.

NEREA ARRIAGA

"Nire ustez mantendu egin behar dira Gabonetako argiak; ezin da kendu xarma hori. Herria oso sinestuna da, edo Gabonak asko bizitzen dituen herria da, eta nire ustez, argiek egon egin behar dute bai ala bai. Argi horiek kontsumo baxukoak direla? Bada, hobeto, noski. Gaur egun badago horretarako aukera, eta horrelakoak izan behar lukete. Argi motari dagokionez, badakit herri arrantzalea garela, baina ez dut uste arrain itxurako argirik jarri behar denik. Gabonak dira, eta Gabonekin zerikusi gehiago duten argiak jarri behar liratekeela uste dut, ez manta-arrainak eta ganboiak. Ingurukoek ere iritzi bera dute. Bestalde, itsasontziak argiztatzen ditugu, gainera, eta hor bai, oso ondo gelditzen dira eta herriari sarrera polita ematen diote". 

 

MARIA AIESTARAN

"Gabonetako argiek alaitasuna ematen dute, eta beraz, ez naiz argi horien kontrakoa. Hori bai, energiari buruzko kontuak horrenbeste entzuten ditugu... Gastua izango da argiena. Dena den, uste dut egongo direla kontsumo baxuko argiak, eta horiek jar daitezkeela. Bestela, zer pentsatuko dute argia ezin ordainduta dabiltzan herritar eta familiek? Kalean ez da ikusten halakorik, baina izango dira gaizki pasatzen ari direnak. Gabon argiek alaitasuna ematen didate, baita Gabonek ere, beti familia artean garai politak bizi izan ditugulako. Gure haurtzaroan, hori bai, ez zen izaten halako argirik. Aiako baserri batekoa naiz, eta argiarekin oso pobreak izandakoak gara. Errotatik eta hartzen genuen argia. Asko aldatu dira gauzak ordutik". 

 

JOSE MANUEL GOZATEGI

"Nik ondo ikusten dut Gabonetako argiak jartzea, kaleari beste bizitasun bat ematen diotelako. Gainera, ez dut uste asko kontsumitzen dutenik gaur egungo argiek, eta kendu baino lehenago, ordutegia mugatuko nieke. Uste dut orain gau osoan egoten direla piztuta, eta ez dakit zentzurik daukan horrek. Tenporizadore batzuk jarriko nizkieke. Argi horien kostu nagusia da horiek alokatzea edo erostea; oso garestia da. Horregatik, Arkupe merkatari elkartea eta udala elkarrekin saiatzen gara dirulaguntza lortzen. Bestalde, argiak erostearen arazo nagusia da urte osoan zehar gordetzeko tokirik ez dagoela. Gai honekin lotuta, argiak kale gehiagotan jartzearen aldekoa naiz, gaur egun Arrantzale kalean ere ez baitira jartzen".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide