Eskualdeko hainbat herri, auzo edota etxe euskaldun berrien habi izan dira hainbat urtetan; tartean, Errezil eta Beizamako baserri bat baino gehiago.
Errezilgo Ibarguren baserrian, urteetan, 40 pertsona baino gehiago hartu dituzte, euskara ikastera joanda. "Ez nuke esango zehazki zenbat lagun egon diren gure etxean euskaraz mintzatzen ikasten, 50? Gutxixeago? 40 pertsona inguru behintzat izan dira gurean euskara ikastera etorrita, hori seguru", dio Ibarguren baserriko Gloria Eskuderok (Goizueta, Nafarroa, 1944).
40 urtetik gora dira Ibargurenen euskaldun berriak hartzen hasi zirela; azkena, orain dela sei urte izan zuten. "Nola hasi ginen? Errezilgo Añoi, Ibarzabal... baserrietara etortzen ziren euskaldun berriak euskaraz ikastera gurera baino lehenago, eta euskara ikasleen artean sare bat zuten osatuta. Errezilen denok euskaraz hitz egiten genuela zabaldu zuten ahoz aho sare haren bidez, eta hala, gure etxean euskaldun berriak hartuko al genituen proposatuko ziguten", azaldu du Eskuderok.
Euskaraz ikastera beren etxera euskaldun berriak joaten zireneko garaiak bi aldi izan zituela kontatu du Ibargurengoak: "Lehendabiziko aldian etorri zirenak, etxean hartzen genituen, otorduak gurekin egiten zituzten eta lo gure etxean egiten zuten. EGA atera nahi zuten, eta horretarako nola hala euskaraz hitz egiten ikasi beharra zuten. Haiek ez zuten dirurik ordaintzen egonaldiagatik, baina trukean guri etxeko eta baserriko lanetan lagundu behar izaten ziguten. Horregatik, ohetik jaikitzeko ordu bat jartzen genien, '12:00ak arte ezingo zarete ohean egon' esaten genien".
Euskaldun berriek etxeko lanetan "borondate guztiarekin" laguntzen zutela du gogoan Eskuderok; gainera, lanean aritzen ziren bitartean euskaraz ikasten zuten: "Lanean jarduten genuen bitartean guk hitz egiten genien haiei: 'Behiak belardira eramango ditugu; oiloak ekarri behar ditugu; belarra ekarri behar dugu'. Era horretan zer esaten eta zer egiten genuen ikusten zuten, eta mintzatzea baino zerbait gehiago ere ikasten zuten. Bizpahiru hilabeteko egonaldiak egiten zituzten, eta asko ikasten zuten".
Izaera aldatuta
Gero, ordea, euskaraz mintzatzeko laguntzak jarri zituen Eusko Jaurlaritzak, eta egitasmo haren bitartez joaten hasi ziren euskara ikasleak Ibarguren baserrira. "Jaurlaritzak euskaraz ikastera etortzen zirenak diruz laguntzen zituen, baita haiei etxean ostatu ematen genionak ere. Orduan, egonaldiaren izaera aldatu egin zen. Euskaldun berriek jan eta lo gure etxean egiten zuten, baina ez zuten lagundu beharrik izaten etxeko lanetan, ez zeuden laguntza hori ematera derrigortuta. Eguerdira arte gurekin egoten ziren euskara ikasleak, baina arratsaldeetan inguruko beste baserrietan zeuden ikasleekin elkartzen ziren, eta parranda pixka bat gustatzen zitzaien eta...". Udako hiru-lau hilabetez izaten zituzten euskaldun berriak bigarren aldi horretan: "Ekainean, uztailean, abuztuan eta batzuetan irailean ere izaten ziren egonaldiak; hilabete bakarra egon behar izaten zuten gurean, eta hor landu behar zuten euskara".
Ahaztu gabe
Etxean euskara ikasteko hartu izan dituen «ia-ia gehienekin harreman ona» izan duela adierazi du Eskuderok: "Haietako ia gehienak egokitu ziren gurera, eta bakarren batzuekin harremana jarraitu dut, baina orduan ez zegoen sakelako telefonorik eta halakorik, eta nik ez nuen ezer apuntatzen, ez egonaldia egiten zutenen helbiderik, ez izenik eta ez ezer. Hala ere, gurean egondakoak ahaztuta ez ditut behintzat".
Eskuderorenean azken euskaldun berria orain dela sei urte inguru hartu zuten: Reyes Prados kazetari eta telebista aurkezle andaluziarra. "Xabier Euzkitzek ezagutzen zuen gure etxea, eta haren bidez etorri zen Reyes gugana. Sevillakoa izanda, zer ondo egiten duen euskaraz hark! Reyesekin jarraitzen dut kontaktuan; orain gutxi bere urtebetetze eguna izan zen, eta zoriondu nuen". Reyes bakarrik ez, beste pertsona ezagun bat ere egona da Ibarguren baserrian euskaraz ikasten: Patxo Telleria aktorea. "Telleria antzezten ikustera antzerkira ere joan izan naiz, eta liburuak-eta dena sinatu izan dizkit hark! Zer gutxiago!", esan du Eskuderok.
Ibarguren baserrira joandakoek euskaraz ikas zezaten bere aletxoa jarri zuelakoan dago Eskudero: "Baikorra naiz, eta saiatu gara horretan; ezina ekinez egina izaten da".