Euskara arnas

Herri euskalkian jasotako hiztegia, zaintzaileak euskarara hurbiltzeko

Andoni Elduaien 2022ko aza. 22a, 10:00

Marijose Arregi Azkoitiko Euskara zinegotzia Lanbide Heziketako ikasleei hiztegia banatzen, ekainean. (Argazkia: Azkoitiko Udala)

Azkoitiko Udalak kaleratu du euskarazko poltsikoko hiztegia zaintza arloan lan egiten duten etorkinentzat. Herriko euskalkian kaleratu dute, eta hura zabaltzea da orain asmoa.

Azkoitiko Udaleko Euskara Sailak adineko pertsonen zaintzaile erdaldunei bideratutako Esaizu euskeraz! izeneko hiztegia kaleratu zuen joan den udan. Erakundearen arabera, mendekotasuna duten adineko pertsonen zaintzaileen artean gehien errepikatzen den profila euskara ulertzeko eta euskaraz hitz egiteko gaitasunik ez duenarena da. Hori horrela, "hausnarketa bat" egin zuen udalak, adineko pertsonak zaintzen lan egiten duten pertsonak euskarara hurbiltzeko asmoz. Hala azaldu du Marijose Arregi (Azkoitia, 1957) Azkoitiko Udaleko Euskara zinegotziak. "Atzerritar askok egiten du lan gure herrian zaintzaren arloan, bereziki hegoamerikarrek. Iruditzen zaigu, zaintzaileak hainbat gauza jakin behar dituela adineko pertsonaren etxera iristen denetik aurrera. Zaintzaileak adineko pertsonari gertutasun bat eskaini diezaion, iruditu zitzaigun euskara garrantzitsua izan zitekeela", azaldu du Arregi zinegotziak.

Udala iaz hasi zen hiztegia lantzen. "COVID-19aren garaian bizi izan genuen egoeratik ateratako ondorioetako baten emaitza da hiztegia. Gurera etortzen diren etorkinek bertako jendea gertutasun batetik artatzeko beharra lehenagotik sumatzen genuen, eta era batera edo bestera, haiengan euskararekiko interesa sortzea nahi izan dugu". Bestelako proiektu baten bueltan, hitanoaren aditz taulak kaleratu zituen udalak lehendabizi, eta haren atzetik etorri da zaintzaileei zuzendutako hiztegia. Azkoitiko euskalkiaren ahozko formekin osatu du udalak liburuxka —euskara batuaren idaztarauak errespetatu dituzte h-ari eta s nahiz z hizkien bereizketari dagokionez—. "Hiztegiko esamoldeak eta hitzak Azkoitiko euskalkian jaso ditugu. Euskara batuan kaleratu izan bagenu, zaintzaileek, euskara ikasten hasten direnean, lotura gehiago egingo zuketen. Hiztegia Azkoitiko euskalkian oso modu errazean jarrita, ordea, ikusten genuen atzerritarrek euskara ikasten hasteko pausoa errazago eman zezaketela. Eta hala egin dugu", azaldu du zinegotziak.

Gainera, hiztegia atal desberdinetan banatu dute, etxean zein kalean egunero bizi daitezken egoera posible gehienak banatuta txertatuz. "Zaintzaile batek egunero izan ditzaken uneak desberdindu genituen, momentu horietan bizi ditzaken elkarrizketa posibleak sailkatuz". Esaterako, etxeko logelan edo sukaldean bizi daitezken elkarrizketarako gakoak aurkitu daitezke liburuxkan, edota kaleko taberna nahiz denda baten izan daitezkeenak. Arregiren arabera, zaintzaileek "asko" jotzen dute erdarara, eta jakitun dira adinekoek joera hori har dezaketela haiekin, ia gehienek dakitelako erdaraz. 

Euskara zinegotziak Badihardugu euskara elkarteko Aintzane Agirrebeña izan du bidelagun proiektuan, hark landu baitu hiztegiaren edukia. Izarraitz Lanbide Heziketa zentroan izan zen Arregi bera joan den ekainean mendeko pertsonei gizarte eta osasun arreta emateko ikastaroa egiten ari diren ikasleei hiztegia banatzen. Orain, hiztegiaren zabalkundean oinarritu nahi du udalak lana, eta horretan hasiko dira datozen hilabeteetan. "Ez dugu nahi hiztegia eskuorri hutsal batean gelditzea eta apaletan ahaztuta gordetzea. Gaur-gaurkoz, Esaizu euskeraz! hiztegia herriko beste zein esparrutan kokatu dezakegun aztertzen ari gara. Udaleko Gizarte Zerbitzuetan badugu hiztegia, baina Helduen Eskolara joan eta hango jendeari hiztegia eskaintzea ere nahi dugu; tokian tokira joan eta beharrezko azalpenak ematea da gure asmoa. Kontaktu zuzena eduki nahi dugu zaintza arloan lan egiten duten pertsonekin, baina horrek lanketa bat eskatzen du". 

Era berean, hiztegia ikastetxeetan-eta banatzeko asmoa ere badu erakundeak. "Etorkinen familiako ikasle asko dago gurean, eta uste dugu horien gurasoentzat ere baliagarria izan daitekeela hiztegi hau". Gainera, Arregik ez du baztertzen lanketa horren antzerakoak bestelako esparru batzuetara zabaltzea. "Zaintzaren munduko hiztegia kaleratu dugu oraingoz, baina ari gara ikusten ostalaritza munduan ere gero eta atzerritar gehiagok egiten duela lan. Beharrezkoa ikusten dugu lanketa hau pixkanaka beste esparru batzuetara zabaltzea".

Argitalpena, "baliagarria"

Fulvio Alejandro Godoy (Venezuela, 1973) da Esaizu euskeraz! hiztegiaren erabiltzaileetako bat. Emaztearekin batera, otsailean iritsi zen Azkoitira venezuelarra, eta egun, Azkoitiko San Jose egoitzan egiten dute lan biek zaintzan. Godoyren iritziz, herriko adinekoekin lan egiteko "behar-beharrezkoa" dute Esaizu euskaraz! bezalako hiztegi bat esku artean edukitzea. Udalaren webgunea arakatzen ari zen batean izan zuen argitalpenaren berri. "Webgunean gauzak begiratzen ari ginen batean ezagutu nuen hiztegia. Dena den, udaletxera hiztegiaren bila joan baino lehen ere, San Jose egoitzako zuzendariak  eman zigun hiztegiaren berri", azaldu du Godoyk. 

Egoitzako langilearen esanetan, "guztiz baliagarria" da hiztegia. "Asko ari naiz erabiltzen. Egoitzan dauden adineko ia guztiak euskaldunak dira, eta haiekin elkarrizketak izateko, behin baino gehiagotan erabili dut hiztegia. Oso praktikoa da, gainera, poltsikoko hiztegia baita. Eskura izaten dut beti. Esaldi motzak esan ohi dizkiet mendekotasuna duten pertsonei, esaterako, ‘goazen bazkaltzera’, ‘eser zaitez’ edo ‘etor zaitez’. Hiztegian jasota dauden moduan esaten ahalegintzen naiz, Azkoitiko euskalkian, eta horregatik, iruditzen zait argitalpena oso aproposa dela". Godoyren iritziz, "oso garrantzitsua" da horrelako argitalpen bat eskura edukitzea, bereziki, bera bezala erdal girotik datozenentzat. Venezuelarraren asmoa da "pixkanaka-pixkanaka" herrian integratzen joatea, eta horretarako badaki euskara ezinbestekoa izango duela. Hala, berak eta bere etxekoek AEKn eman dute izena.

Arregi zinegotziak garbi du prozesuaren amaieran balorazioa egitea edo ondorioa ateratzea "garrantzitsua" bezain "beharrezkoa" izango dela. "Ikusi behar da atzerritarrek hiztegia hartzen dutenean eta hura kontrolatzen ikasten dutenean, zer erabilpen ematen dioten. Zaintzaile horien artean euskara behar bezala ikasteko interes bat sortzen baldin bada, haiei galdetu beharko genieke euskalkitik euskara batura igarotzeko bidean beraien burua nola ikusi duten. Beharbada bestelako hizkuntza batekin egingo dute topo. Gauza horiek guztiak aurrerago aztertuko ditugu".

Udalak "apustua" egin duela dio Arregik, batetik, bekak atera dituztelako, eta bestetik, euskara ikasteko doakotasuna bermatu dutelako. "Gure esku dagoen guztia lantzen ari gara. Zentzu horretan, euskara ikasteko ordaindu beharrik ez da izango aurrerantzean. Halere, kontzientziazio lana egin beharra dago, eta horretarako balioko du Euskaraldiak". Lanketa hori, baina, Euskaralditik aparte ere egin behar dela uste du Arregik. "Badirudi euskararen balioari puntu bat gehiago ematen diogula Euskaraldiaren urtean, baina kontzientziazio lanak ezin du soilik orduan iraun". Zinegotziak ahobizi rola hartu du beste behin Euskaraldian, eta hark mezu garbi bat utzi du guztientzat. "Urte osoan zehar egin behar dugu guztiok euskararen aldeko esfortzua".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide