Euskara arnas

Gai bat, mila ertz hausnartzeko

Onintza Lete Arrieta 2022ko aza. 18a, 10:00

Itziar LarraƱaga Getariako Euskara eta Kultura batzordeburua. (Argazkia: Onintza Lete Arrieta)

Uemaren azken datuen arabera, euskararen kale erabilera zortzi puntu jaitsi da Getarian 2017tik. Turismoak indar handia duen herria izanik, eraginik ba ote du sektore horrek beherakadan? 

Gertaerak zehatzak balira, hots, zuriak edo beltzak, eta jatorri eta ondorio bakarrak balituzte, arazoak errazago konponduko lituzkete pertsonek zein erakundeek. Errealitatea, ordea, konplexuagoa izan ohi da, eta beraz, baita irtenbideak aurkitzea ere. Getarian, esaterako, aurtengo maiatzean egin du Uemak euskararen kale erabileraren neurketa, eta 2017an egin zuen neurketarekin alderatuta, erabilera zortzi puntu jaitsi dela jakinarazi du, %76,7tik %68,4ra. Jaitsiera hori eragin duten arrazoien hipotesiak askotarikoak izan daitezke: euskaraz ez dakien jendea joan izana Getariara bizitzera; euskaraz dakitenek hizkuntza ohiturak aldatu izana; edo penintsula barruko turismoaren gorakada, besteak beste. Turismoak Getarian duen pisua ikusita, azken horretan jarri du fokua HITZAk, horretarako egoera gertutik ezagutzen duten lau eragilerengana jota: Getariako Udalera, Turismo Bulegora, Babexa merkatari elkartera eta Getabat ostalari elkartera.  

Ander Iribar Getariako Babexa merkatari elkarteko lehendakaria. (Argazkia: Onintza Lete Arrieta)

Turismo Bulegoak 2017an –Uemak aurreko neurketa egin zuen urtea–, 2021ean eta 2022an (irailera arte) bulegora joan diren bisitariei buruzko datuak eskaini ditu. 2019koak eta 2020ak ez dituzte eman, pandemiak erabat desitxuratu dituelako urte horietako estatistikak. 2017an bulegotik pasatu ziren bisitarien %85 atzerrikoa izan zen, eta %59 Espainiako Estatukoa. Iaz, COVID-19ak eragindako pandemiaren ostean, atzerritarren kopurua %74koa izan zen, baina Espainiako Estatuko bisitari kopurua %59an mantendu zen. Eta, aurten, irailera arte, atzerritarrak %82 izan dira, eta %53 Espainiako Estatukoak. Herriko turismoari buruz 2020an udalak egindako diagnostikoak ere irakurketa hori jaso zuen: "Getariak jasotzen dituen bisitarien ehuneko handiena Espainiako Estatu mailakoak dira". 

Datu gehiago: Getarian lo egiteko 25 negozio daude hotelak, nekazal etxeak, aterpetxeak eta apartamentu turistikoak zenbatuta. 29 jatetxe eta taberna ere baditu herriak. 

Keinu txiki-handi asko 

Babexa merkatari elkarteko Ander Iribar lehendakariaren ustez, esaterako, argi dago azken urteetan hazi egin dela penintsulako bisitarien kopurua. Herriko estankuko nagusia da, eta familiako negozioa izaki, urte asko darama bertan lanean. Gertutik eta egunero ikusi ditu, beraz, herrira iritsitako bisitariak: "Getariara beti etorri izan dira madrildarrak eta kataluniarrak, baina garai gogorretan, andaluziar eta gaztelar gutxi etortzen zen. Egoera [politikoa] lasaitu denetik, berriz, nabarmen hazi da beste probientzietako bisitarien kopurua", adierazi du. "Jubilatuen autobusak ere asko ikusten dira orain", gaineratu du. Eta, noski, gaztelania da bisitari berri horien hizkuntza. 

Hori bai, Iribarrek azaldu du uztailean eta abuztuan izaten dela turista gehien herrian. Uemak, berriz, maiatzean egin zuen euskararen kale erabilera neurketa. 

Horregatik, Iribarrek uste du euskararen erabileraren jaitsiera kanpotik herrira bizitzera joandako herritarrengatik izan daitekeela, "betiko getariarrek eusten diotelako euskaraz hitz egiteko ohiturari".


Ainhoa Lazkano, bere hotelean, euskarazko eskuorriekin. (Argazkia: Onintza Lete Arrieta)

Turismoaren eta euskararen arteko oreka mantentzeko eragile nagusiak diren udalaren eta ostalari elkartearen iritziak ere bildu ditu hedabide honek. Ainhoa Lazkano San Prudentzio hoteleko nagusia da Getabat ostalari elkarteko lehendakaria, eta hainbat ideia azpimarratu ditu. Batetik, euskararekiko kontzientzia badagoela bere sektorean, baina, era berean, sektorearen barruan alde nabarmenak daudela nagusien jatorriaren arabera. Bestetik, zenbait kasutan egungoa baino esku hartze sakonagoa egin behar luketela erakundeek euskara bultzatzeko ostalaritzaren sektorean. 

Aurreneko ideiari helduta, honakoa azaldu du: "Hotel gehienetan herriko familiak gaude. Urte asko daramatzagu, eta ikusten dut bide bat eginda daukagula eta saiakera bat egin dela gure hizkuntza eta kultura zabaltzeko. Taberna batzuetan ere egin da hori, baina beste asko kanpotik etorritakoek hartu dituzte, eta hor, sentsibilitatea desberdina dela uste dut. Hoteletan, gainera, beti egiten zaio harrera bezeroari. Gure etxean hartzen ditugu, eta harrera horretan, badaukagu bisitariari euskararekiko interesa pizteko sentsibilitatea". 

Lazkanoren ustez herriko ostalariek bi faktoregatik zaintzen dituzte euskara eta euskal kultura: "Batetik, norberari barrutik ateratzen zaiona delako, baina, horrez gain, baita gure negozioarentzat ona delako ere, balio erantsia delako. Eta hori ikusarazi behar diegu kanpotik etorri diren tabernariei. Getariara egun batzuk pasatzera datorren bisitariak badu hemengo hizkuntzarekiko eta kulturarekiko interesa. Ez da gauza bera hau aukeratzea edo Benidorm edo Kanariak; hara eguzkia hartzera zoaz, eta hona, zerbait berezia ezagutzera. Keinu txiki guztiak baloratzen ditu bisitariak", iritzi dio. 

Horregatik, Lazkanok uste du ideia hori transmititu behar zaiela negozioa irekitzera Getariara joan diren beste kulturetarakoei. "Gaur egun udalak eskaintzen digu kartelak eta euskaratzeko zerbitzua, eta bertakoontzat nahikoa dela uste dut, baina beste batzuek lanketa sakonagoa behar dute. Ulergarria da kanpotik iritsi berri direnentzat euskara ez izatea beraien lehentasuna, baina ikusarazi behar diegu ona eta garrantzitsua dela beren tabernarentzat". 

Bere hotelean bizi izan duen esperientziak hala erakutsi dio, behintzat. Han nonahi dituzte euskarazko idatziak, hasi harreratik, eta logeletako eskuorri eta bainugeletako oharretaraino. Egongelan Berria egunkaria ere hantxe izaten da mahai gainean, eta bozgorailuetan, beti, euskal musika. "Atzerritar askok ez daki hemen geure hizkuntza dugunik ere, eta egunkariagatik harritzen dira, eta saiatzen dira hitz eta esaldi motzak euskaraz esaten". Izan ere, Urola Kostako Udal Elkarteak argitaratutako hiztegitxoak dituzte bezeroei banatzeko. "Udalak eman zizkigun guri, eta oso erabilgarriak dira. Hizkuntza askotan daude, gainera". Keinu txiki-handi asko egin daitekeela uste du Getabateko lehendakariak.

2023an plan eta kanpainak 

Itziar Larrañaga da Getariako Udaleko Euskara eta Kultura batzordeburua, eta aitortu du udalean kezka eragin duela kalean euskararen erabilera jaitsi izanak, eta uste du turismoak izan dezakeela eragina, baina ardura nagusia herriko euskaldunek dutela uste du. Horregatik, bi proiektu ditu martxan udalak. Batetik, herritarren artean euskararen erabilera sustatzeko kanpaina indartsua prestatzen ari dira datorren udaberrirako. "Ez dugu nahi horman bi kartel jarri eta kito. Kalean, herritarrekin landu nahi dugu gaia. Horregatik, enpresa bat ari da garatzen proiektua, eta Uemaren datuetan oinarrituta, lau arigune identifikatu ditugu. Hori nola gauzatu finkatzen ari gara orain", aurreratu du. 

Bestetik, turismo plana osatzeko lanean ere ari da udala. 2020an egin zuten diagnostikoa, eta txosten hartatik abiatuta, datorren urtean plana amaitzea da asmoa. Diagnostikoan, aukera bezala jaso zuten euskara: "Euskara baliabide kultural immaterial bezala identifikatzen da, eta duela urte batzuk eskualdean lanketa bat egin zen arren, oraindik ez da errealitate turistikoan txertatu. Beraz, herri mailan eta turismoari begira, euskararen presentzia bermatu behar da".

Mila ertz dituzte, beraz, hausnartzeko eta lantzeko hurrengo urteetan Getariako merkatari, ostalari, agintari eta herritarrek.  

Getarian euskara bultzatzeko erakundeek emandako kartela eta hiztegi txikiak, Getariako San Prudentzio hoteleko harreran. (Argazkia: Onintza Lete Arrieta)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide