Urola Kostako Udal Elkarteak 2022-2026 Energia Plana garatu zuen iaz, eta energia kontsumoa gutxitzeko, jasangarritasun energetikoa bultzatzeko edo klima-aldaketari aurre egiteko hainbat ekintza jaso zituen bertan. Besteak beste, eskualdeko pobrezia energetikoaren inguruko azterketa egiteko beharra identifikatu zen plan horretan, Urola Kostako biztanleek oinarrizko energia-beharrak asetzeko duten gaitasunari buruzko informazioa biltzeko. Hala, gaiaren inguruko azterketa eta ekintza plana garatzen ari da UKUE, eta herritarrei zuzendutako galdetegi bat landu du, bi formatutan: online eta paperean –galdetegia Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza nagusian dago eskuragarri paperean–.
Horrez gain, udal elkarteak Whatsapp zerbitzua ere jarri du martxan, galdetegia mugikorrean jaso nahi duten herritarren eskaerak bideratu ahal izateko. Telefono zenbakia honako da: 649 25 41 09.
Inkesta betetzeko azken eguna urriaren 31 izango da, baita inkesta sakelako telefonora bidaltzeko eskaera egiteko azken eguna ere.
2022-2026 Energia Plana eskualdeko herritar, enpresa, ekintzaile eta gainerako eragileekin lankidetzan garatu du UKUEk, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamenduaren Energia berriztagarrien erabilera eta aurrezpen zein eraginkortasuna energetikoa toki mailan bultzatzeko programaren baitan.