"Geure burua are gehiago estutuko dugu Kontxan"

Onintza Lete Arrieta 2022ko abu. 28a, 08:30

Amaia Arregi, Zarauzko Bandera eta liga irabazi ondorengo errezibimenduan. (Iratz Urkizu)

Amaia Arregi aiarrak 2020an ere irabazi zuen Kontxako Bandera elastiko horiarekin, baina lehorretik bizi izan zuen garaipena orduan; aurten traineru barruan izango da, okerrik ezean, eta gogor borrokatuko du banderagatik.

Amaia Arregi (Aia, 1995) Orio Arraunketa Elkarteko harrobiko arraunlaria da. 2009tik dago klubean, nahiz eta urte batzuez arrauna utzita egon zen. Azken hiru denboraldietan traineru nagusian ibili da, eta beraz, iaztik jarraitu duen kirolarietako bat da Arratola baserriko alaba.

Denboraldi hasieran Arraun Lagunak zen faborito izan liga eta Kontxa irabazita eta traineruan aldaketa gutxirekin. Nola sentitu duzu liga hasiera eta ondoren, denboraldiak aurrera egin ahala?

Denboraldiaurrean jokatzen dira estropada batzuk, eta horietan emaitza onak eduki genituen. Bagenekien bide onetik gindoazela, baina neuri behintzat ez zait gustatzen estropada horietatik konklusioak ateratzerik. Niretzat, pertsonalki, momentu klabea izan zen Gipuzkoako Txapelketa. Liga hasi aurretik izan zen, txanda berean aritu ziren gero ligan aurrez aurre izango genituen traineruak, eta ondo irabazi genuen, eta nire ustez inportantea izan zen hori taldearentzat konfiantza hartzeko. Hainbeste aldaketa izan genituenez taldean, ez genekien nolakoa izango genuen uda. Ligan aurreneko bi asteburuetan estropada bana irabazi genituen Arraun Lagunakek eta guk, eta ikusi zen liga berdinduta zegoela, baina handik aurrera uste dut asmatu genuela. Gu ere lasaixeago geunden, sartu ginen ligako dinamika  horretan, eta emaitza politak lortzen joan ginen. Uste dut astetik astera indartu egin gaituela ligaren eboluzio horrek.

Zeure burua nola ikusi duzu denboraldian zehar, aurreko urteekin alderatuta?

Arraunera itzuli nintzenean orain hiru denboraldi, Santi Zabaleta zen entrenatzailea eta hasi nintzenean, niretzat aldaketa izan zen lehendik gogoratzen nituen gauzetatik. Baina taldeak Santiren estiloa eta lan egiteko dinamika barneratuta zituen, eta ez zitzaidan zaila egin martxan jartzea. Aurten, Patxiren etorrerarekin, lehendik taldean geundenok sentsazioa izan dugu hasiera bat markatu duela. Gehienok ez genuen ezagutzen bera, berak ere ez gu, eta bere estiloa ere ez genekien nolakoa zen barrutik. Denboraldiaurretik, denok argi izan dugu lan handia egin beharko genuela egokitzen bere lan egiteko modura. Ondo egon da, baina aldaketa suposatu du.

Traineru barruan, zure tokia finkoa izan da denboraldi osoan zehar...

Denboraldiaurrean gehixeago aldatu ninduen entrenatzaileak, baina liga hasi denetik baborretik jokatu ditut guztiak, bai, laugarren tostan.

Aiar batzuk bazaudete taldean...

Hiru gaude. Neu Oriotik gertuago bizi naiz, Santio Errekako Arratola baserrikoa bainaiz, eta Orion egiten baitut bizitza. Baina horrekin izaten ditugu txantxa batzuk taldean, bai. Beti esaten dute aiarrik gabe ez dagoela Orioko trainerurik, beraz, kar-kar...

Xabier anaia ere Orion dabil, gizonezkoen lehenengo traineruan.

Bai. Etxean beti izan dira arraunzaleak eta Orioko zaleak, eta orain, zer esanik ez!

2020an Oriok Kontxa irabazi zuenean hor zinen, eta aurten ere berriz aukera ederra duzu bandera etxeratzeko.

Bai. 2020an, ordea, Kontxako sailkapeneko estropada bakarrik jokatu nuen. Beste estropadak lehorretik ikusi nituen. Aurten, orain arte estropada guztiak jokatu ditut, eta espero dut, okerrik ezean, traineru barruan izatea Kontxako Banderako bi estropadetan.

Arraunlari gehienontzat Kontxako Bandera irabaztea da ametsik handiena.

Dudarik gabe. Orion oso berezia izan da beti Kontxa, eta hori nabarmena da kalean, jendeak, zenbatetan komentatzen digun ea aurten Kontxa irabazten dugun. Norbere buruan ere, Kontxa berezia da.

Are bereziagoa, norbera traineru barruan egonda irabaziz gero, ezta?

Noski, hori izaten da norberaren helburua. Taldea denok osatzen dugu, momentu horretan uretan daudenek eta lehorrean geratzen direnek, eta denok ulertzen dugu garaipena iristen bada hori denona dela, baina noski, uretan nahi izaten da irabazi.

Osteguneko sailkapen estropadarako irrikaz egongo zarete...

Sailkapen estropada izango da aurreneko galbahea, bai edo bai konplitu beharreko tramitea; printzipioz, lortu beharko genuke, baina egin egin behar da, eta aurreneko pausoa hori izango da, bai.

Ligako estropada asko nagusitasunez irabazi dituzue, eta horrek ekar diezazueke psikologikoki erlaxazio puntu bat sailkapen estropadara begira, ala?

Nik ez daukat sentsazio hori. Egia da ligan garaipen dezente egon direla, baina ez dut uste taldean erlaxazioa egon denik edo gehiegizko konfiantza genuenik. Kontrakoa: sentsazioa da alerta egon behar dugula, gure esku dagoena eta egiteko gai garen hori ondo egin behar dugula eta ezin dugula alerta maila jaitsi. Entrenamenduetan egiten dugun lana horra bideratuta dago: estropadetan ikusten ditugun gabeziak eta ahulguneak identifikatu, eta horiek landu. Hori izan da gure bidea.

Erlaxatuta ez, baina presioa sentituko duzue, orain denok espero baitugu zuek irabaztea Kontxa.

Ez dakit presioa den hitza; arraunlari bakoitzak jartzen dio listoia altu eta eskatzen dio asko bere buruari Kontxan. Orain arte mantendu dugu exijentzia hori eta orain, geure burua oraindik gehiago estutuko dugula uste dut. Sailkatzen bagara behintzat, ikusiko dugu estropaden lehenengo jardunaldia nola joaten den, eta horrek dezente baldintzatuko du bigarren jardunaldiko asteko tentsioa.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide