Perfekzioaren bila, bizkorrago joateko

Mikel O. Iribar/Berria 2022ko uzt. 16a, 08:30

Artxiboko irudian, Juan Luis Amilibia.
Juan Luis Amilibia oriotarraren traineru eredu berriena dute Eusko Label ligako erdiek baino gehiagok; besteak beste, Getaria eta Ares berriarekin ari dira. Ontzigilearen esanetan, gogortasunak "bizitasuna" ematen dio ontziari. Asko, ordea, aurrekoarekin dabiltza, azkena zurrunagoa dela eta.

"Arraunak, kirol gisa, perfekzio handia behar du". Horra Juan Luis Amilibia ontzigile beteranoaren aitorpena (Orio, Gipuzkoa, 1939). Mende erdia baino gehiago darama ontzigintza munduan, tosta finkoko traineruak mimo handiz egiten, besteak beste. "Oraindik tailerrera joaten naiz, baina beste kontu batzuk egiten ditut; gaztetan beste sasoi bat nuen...".

Azken boladan, entrenatzaile askok jotzen dute oriotarrak Aian (Gipuzkoa) duen lantegira, traineru berri bila. Guztiek helburu bera dute: ontzia bizkorrago joatea. Bada, Amilibiak, trainerua armazoi klasikoarekin landu beharrean, tabularra deritzon sistemarekin egin du berriena. "Gainontzean, aurrekoaren molde berarekin egina dago, platanito deitzen zaiona. Neurri berak eta pisu bera ditu".

Amilibiaren esanetan, sistema horrek ontzia "gogortu" egiten du, eta "askoz ere biziago ibiltzen da uretan". Horrez gain, eredu berri horrek ez du barruko tradiziozko zuakerrik, hots, saihetsik. U formako karbono zuntzak ditu, eta traineruaren txopa eta branka lotzen ditu. "Armazoiarekin egiten zirenean, ontzia bihurritu egiten zen; sistema tabularrarekin, ordea, ez".

Gogortasun horri esker, arraun kolpe bakoitzeko "gehiago" erantzuten du ontziak. "Materiala biguna bada, arraunlariek egindako esfortzuari ez dio behar beste erantzuten; indarra galtzen du. Teorian horrela da, baita praktikan ere". Gogortasunak, baina, bere mugak ditu: "Tamaina hartu behar zaio; gogor-gogorra egotea txarra baita, arraunlaria bera gehiegi behartzen duelako. Zeozer malgua izan behar du, baina hortik aurrerako guztia galera da".

Irakurri erreportajea osorik hemen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide