Aparkalekuen ordenantza berria, ekainaren 1ean indarrean

Onintza Lete Arrieta 2022ko api. 10a, 13:00

Oriotarrek eta aiarrek egunotan jaso dute beren etxeetan azalpen guztiak biltzen dituen eskuorria. Orioko Udalbatzak martxoko osoko bilkuran onartu zuen behin betikoz ordenantza berria.

Laster jarriko da martxan aparkalekuen udal ordenantza berria Orion: ekainaren 1ean, asteazkenean. Aldaketak herritar guztiei ondo azaltzeko, egunotan Orioko eta Aiako etxe guztietara eskuorriak banatu ditu Orioko Udalak.

Martxoko udalbatzarrean onartu zen behin betikoz ordenantza berria, "aparkalekuen errotazioa eta erabilera ona bermatzeko" helburuarekin.

Herritarrentzat ez dakar aldaketa handirik, aparkatzeko udal txartelaren sistema mantendu egingo delako. Hala, Orion erroldatutako ibilgailuek beti bezala jasoko dute txartela etxean. Doakoa izango da, eta bi urte naturaleko iraupena izango du. Hori da aldaketa, orain arte urtebete irauten zuelako. Aurtengoa, beraz, 2023 amaieran iraungiko da.

Orion erroldatuta ez dauden ibilgailu batzuen jabeek ere aukera izango dute Aparkatzeko Udal Txartela eskuratzeko: autoa alokairuan dutenek, enpresako ibilgailua duten herritarrek, Orion lan egiten duten langileek, Orion bigarren etxebizitza dutenek eta Aian erroldatutakoek. Horiek 80 euroan eskuratu ahal izango dute Aparkatzeko Udal Txartela, eta urte natural bateko iraupena izango du; aurtengoa, 2022ko abenduaren 31ra arte.

Gainerako xehetasunak hemen aurki daitezke, edo, nahiago izanez gero, udal ordenantzaren dokumentuan:

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide