And Just Like That..., Sex and the City-ren azken denboraldia, ez da askok esaten duten bezain txarra. 1998tik 2004ra emititu zen Sex and the City eta 2021ean etorri da sekuela hau. Protagonistek ez dituzte 30 urte, 50etik gora baizik. Carrie (Sarah Jessica Parker), Miranda (Cynthia Nixon) eta Charlotte (Kristin Davis) bueltan dira beraien aurpegi operatuekin. Miranda libratzen da, ez du botoxik aurpegian. Eta Samantha (Kim Cattrall) falta da, Sarah Jessica Parkerrekin haserretuta dagoelako (bizitza errealean alegia), baina bere espiritua presente dago eta paper garrantzitsua betetzen du bukaerara arte (laguntasun handiekin gertatzen den bezela).
Berandu hasi nintzen 90eko hamarkada bukaerako klasiko hau ikusten, pereza eman izan dit beti. Behin hasita, ordea, obsesionatu egin nintzen eta lagunekin geratzean, bakoitza zein pertsonaia zen pentsatzen egoten nintzen. Etxean nengoenean telesaila ikusten, lagunekin egon nahi nuen kanpoan gosaltzen, bazkaltzen eta afaltzen, Sex and the City-n bezela (beti jaten duten kanpoan, diru asko dute), eta lagunekin nengoenean, berriz, etxean egon nahi nuen telesaila ikusten. Etengabeko borroka zen.
Ezin esan daiteke telesaila feminista denik, arrazoi askogatik. Are gehiago, hasierako denboraldia ikustean shock egoeran geratzen da bat gauzak zenbat aldatu diren ikusita (hoberako). Izugarri atzerakoia eta matxista da (eta nahiko arrazista, klasista...). Gogoan dut puzkarraren kapituloa. Carrieri puzkar bat ateratzen zaio Bigekin (Chris Noth) ohean dagoen bitartean, eta sekulako krisi existentziala eragiten dio. Gosari batean, bere neskalagunei aholkua eskatuko die. Bigek berarenganako interes guztia galdu duenaren susmoa du Carriek, puzkarraren ondorioz. Samantha eta Charlotte ere nahikoa bat datoz. Charlotte (denetan atzerakoeina dena) izugarri asaldatuta dago. Mirandak ezin du sinetsi puzkar txoro batek horrelako drama eragin diezaiokeenik bere lagun ustez argiari. Hori da dagoen maila, ideia bat egiteko.
Denboraldi berri honetan ordea, badirudi beraien akatsez ohartu eta konpontzen saiatu direla. Gehiegi saiatu direla. Bat-batean, LGTBI+ kausa guztien banderadunak dira: Miranda lesbiana egiten da (sorpresa!) eta pertsona ez-bitar latino batez maitemintzen da, Che Diaz (Sara Ramírez); Charlotten alabetako bat, Rose (Alexa Swinton), ez da neska sentitzen eta Rose izatetik Rock izatera pasatzen da; egun batetik bestera, denek lagun arrazializatuak dituzte...
And Just Like That... den bezalakoa da: emakume hetero (Miranda izan ezik, beste behin) zuri, dirudun batzuen bizitza New Yorken. Baina nik Sex and the City-n pentsatzen dudanean, laguntasunean eta ahizpatasunean pentsatzen dut. Gai zentrala hori delako. Beti izan da eta izaten jarraitzen du. Carrie, Miranda, Charlotte eta Samantha, beti daude hor elkarrentzat: elkarri dena kontatzen diote, elkar zaintzen eta laguntzen dute, barre egiten dute, haserretu eta adiskidetu egiten dira. Beraiena, bizitzako harremanik luzeena eta ederrena delako; lagunak direlako.
Orio ez da Manhattan. Hemen ez daude Carriek edaten dituen cosmopolitan koktelak, baina ostiral gaua da eta lagunak zure bila joan dira lanera. Kolon Txikin afalduko duzue. Luis Cañas botila bat eskatuko du zure lagun minetako batek eta zuen asteaz hitz egingo duzue. Notizia tristeak egongo dira, baina barrez ere lehertuko zarete. Zuena ere, existitzen den harremanik ederrena delako; lagunak zaretelako.