"Abiadura eta erresistentzia irabazi ditudalako nabil gorago"

Iñigo Gaiton 2022ko mar. 25a, 11:26

Mendi lasterketa batean irabazitako aurreneko txapela jantzi zuen lehengo asteburuan Mikel Usandizagak. Inoiz baino emaitza hobeagoak lortzen ari da aurten Orioko Atletismo Taldeko kidea.

Xabier Mendizabalen Oroimenezko Mendi Lasterketa jokatu zen igandean Beasainen, eta estreinako txapela irabazita itzuli zinen etxera. Nola joan zen karrera? Irabazteko helburuarekin jo al zenuen hara?
Aurrean ibiltzeko helburuarekin behintzat bai, asmo horrekin ekin nion lehiari. Denak emanda atera nintzen, eta berehala jarri nintzen lasterketa buruan. Espero gabe, 30 segundo aurretik nindoala, ezustekoa izan nuen, oinetakoa lokatzetan kateatuta geratu zitzaidanean. Korrika egiteari laga behar izan nion, eta minutu bat joan zitzaidan oinetakoa ondo jartzen nuen bitartean. Denbora tarte horretan bi aurkarik aurrea hartu zidaten. Zorionez, zortzigarren kilometrorako aurrea hartu nien berriro, eta helmugaraino aurrena joan nintzen.  

Zein izan zen garaipenaren gakoa?
Bigarren kilometrorako aurkariei aurrea hartzea lortu nuen, eta horrek indar handia eman zidan. Oso ondo bilatu nuen nire burua hasieratik, oso indartsu, eta lasterketaren lehen kilometroetan sentitu nuen garaipena lortzeko aukera asko izango nituela. 

Zer ahozapore laga dizu mendi lasterketa batean lortutako aurreneko garaipenak?
Ona, oso ona, batez ere karreran zehar ikaragarri gozatu nuelako. Oinetakoarekin arazoa izan eta gelditu arren, gai izan nintzen kontrako egoerari buelta emateko, eta horrek asko balio du niretzat. Sufrimendua eta gozamena, bietatik asko izan nuen Beasainen, baina zalantzarik gabe, egunotan dudan ahozaporea bikaina da. 

Joan den asteburukoa ez da aurten lortutako emaitza on bakarra. 
Hiru mendi lasterketa egin ditut denboraldi honeta.  Txapelaz gain, hirugarren eta bosgarren sailkatu nintzen beste bietan. 

Aurreko urteetan baino gorago zabiltzala esan al daiteke? Hala bada, nola lortu duzu errendimendua hobetzea? 
Bai, zalantzarik gabe, orain ari naiz emaitza onenak lortzen, eta horren atzean dago entrenatzeko modua aldatu izana. Lehen nire kabuz jarduten nuen, eta neronek zehazten nituen prestaketa saioak, egunaren arabera nahikoa modu inprobisatuan. Aurten Orioko Atletismo Taldean sartu naiz, eta Kamel Zianiren gidaritzapean ari naiz entrenatzen, beste hainbat lagunekin batera. Aurrez pentsatutako prestakuntza plan zehatzago bati jarraitzen diogu, eta alde handia dago. 

Zertan antzeman duzu hobekuntza handiena? 
Erritmo azkarretan errazago ibiltzen naiz, eta distantzia luzeetan hobeto eusten diot arnasari, erresistentzia handiagoa dut. 

Taldean entrenatzeak ere lagunduko du.  
Bai, batez ere entrenatzeko gogo gutxi izaten den egunetan. Lagun giroan errazago egiten dira kilometroak. 

Eta esparru psikologikoa zer moduz kudeatzen duzu? Lanketa handia eskatzen al dizu buruak?
Zentzu horretan, inoiz baino lasaiago nabil aurten. Lehen gehiago estutzen nuen nire burua, beti onena eman beharrarekin presio asko jartzen nuen nire gain. Orain segurtasun handia ematen dit ondo entrenatzen ari naizela jakiteak, berme bat da. Badakit prestaketa lanak ondo ari naizela egiten, eta lasai joanez gero, lasterketetan errendimendu ona emango dudala. Zaintzen dut nire burua, baina gustatzen zait kuadrillakoekin-eta afaltzea eta kalean ibiltzea, eta alde horretatik, oso lasai nabil. 

Zein da irabaztea gustatuko litzaizuken hurrengo lasterketa? 
Orioko Mendi Lasterketa. Orion egiten dut bizitza, eta Kukuarri inguruan ibiltzen naiz entrenatzen normalean. Oso zaila izango da txapela irabaztea, baina saiatuko gara aurrean ibiltzen.

Gero eta jende gehiago dabil korrika mendian, bai lasterketetan, baita beren kabuz ere. Zer du berezia kirol honek hainbeste jende kateatzeko?
Eguneroko bizitzako arazoak aparte geratzen dira mendian korrika zabiltzan bitartean. Arnasa estututa eraman arren, naturaz eta lasaitasunaz gozatzeko aukera izaten dugu, asko deskonektatzen da. Ni behintzat, oso aske sentitzen naiz korrika ari naizenean, eta mendian libre ibiltzearen sentsazio horrek indar handia du. Mendian lokatz artean sufritu eta gero, etxean gozo-gozo egoten naiz, lasai, egunerokoan pilatzen diren arazo, kezka eta urduritasunak botata. Barrenak lasaitzeko kirol aparta da. 

Aian bizi zara, errioaren bestaldean, Oriotik metro gutxira. Toki pribilegiatua dela esan daiteke mendi korrikalari batentzat?
Bai, alde batera edo bestera jota, leku apartak daude entrenatzeko. Orion Kukuarriren inguruan daude ibilbiderik onenak, baina erritmoa hartu eta kilometroak sartu nahi badituzu, egokiaoa da Pagoeta edo Hernio aldera jotzea. Aukerarik ez zaigu falta bi herrietan. 

Bukatzeko, zer amets du Mikelek? 
Betidanik pentsatu dut Zegama-Aizkorri egiteak zoragarria izan behar duela. Mendian 42 kilometro egitea erronka latza den arren, gustura prestatuko nukeen proba da. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide