OSASUNA

Vinyasa yoga

Karkara 2022ko ots. 13a, 09:00

Urtarrileko KARKARA aldizkariko Osasuna atalerako Jesica Morales yoga irakasleak idatzitako artikulua da honakoa:

Jesica Morales naiz eta yoga irakaslea naiz 2007tik. Yogan, estilo eta aldaera ugari daude, baina, gaur, nire eskoletan irakasten eta praktikatzen dugun estiloaz hitz egingo dizuet: Vinyasa yogaz, hain zuzen. Ezer baino lehen, aipatu, nire eskolak edozein motatako publikoarentzat irekita daudela, eta yoga mota hori ere edozeinek praktika dezakeela: umeek, nerabeek, helduek, haurdun daudenek, erretiratuek... bakarka, bikotean edota familian.

Vinyasa yoga zer den azaltzen hasiko naiz. Modu errazean esatearren, mugimenduaren eta arnasketaren arteko bateratzea edo sinkronizazioa dela esango nuke. Kontzentrazioa hobetzen laguntzen du, eta zenbat eta gehiago praktikatu, orduan eta hobeto egiten da. Yoga modu honetan, arnasketa bakoitzean mugimendu bat egiten dugu, eta airea da trantsizio bakoitza gidatzen duena. Sekuentzia batetik besterako tartean, edota sekuentzia arin batetik eta intentsoago baterako tartean, airea berritzen dugu eta atseden hartzen dugu, kontzentrazioa berreskuratzeko. Praktikatzen duenaren araberakoa izaten da intentsitatea ere.

Arnasketaren gaineko kontzentrazioari eusteak, buruaren eta gorputzaren errendimendua hobetzea ekartzen du, errendimendu mental eta fisikoa. Praktikatzen duenarentzat orainean ainguratzeko modu bat da, arreta guztia egiten ari den horretan jarri behar baitu, tentsio guztiak alboratuz, buruan izan ditzakeen irudi eta pentsamendu guztiak baztertuz. Kontzentrazioa oztopatu dezaketen gauza guztiak burutik ezabatzea da lortu behar duena, eta arreta guzti-guztia egiten ari den horretan jartzea. Dena dela, horrekin ez dut esan nahi gure indar guztiak burua zurian lagatzera bideratu behar ditugunik, ez. Gauza da gure gogoa, gure burua heztea orainean egon dadin, modu horretara, gauza guztiak argiago ikusteko gai izango baita.

Helburua izango da yoga eskoletan ikasten duguna gure egunerokoan praktikan jartzea, yoga izan dadin gure sentipenak hobeto kudeatzen lagunduko digun erreminta.

Pandemiaren ondorioz, antsietate eta depresio kasuak ugaritu egin dira herritarren artean, eta baita beldur eta ziurgabetasun sentipenak ere. Egoerara moldatu beharra izan dugu guztiok, eta geuk ere yoga eskolak modu birtualean ematen hasi beharra izan genuen, hainbat arrazoirengatik: alde batetik, beharrezkoa iruditzen zitzaigun gure ikasleei aukera ematea beren buruari eskaintzen zioten tarte hori izaten jarraitzeko; bestetik, elkarrekin lotura izaten jarraitzeko beharra geneukan; eta azkenik, bakardaderi eta pandemiak eragindako beste horrenbeste sentsazio txarri tartetxo batez aurre egin ahal izateko modua ere bazen.

Izan ere, eskoletara joateak, izan aurrez aurre edo izan birtualki, besteekin nolabait konektatuta egoteko modua eskaintzen die pertsonei, komunitate baten parte direla sentiarazteko aukera, besteekin enpatizatzekoa, elkarri laguntzekoa.

Nik uste pandemiak lagundu digula ikusarazten geure burua zaintzeak zenbaterainoko garrantzia duen, geure burua zaintzen ikasteko bideak landu behar ditugula, eta horrez gain, ingurukoen osasuna zaintzea ere badagokigula, osasuna eta energia hortik etorriko zaizkigula.

Eta hain zuzen ere, horixe da Vinyasa yoga: dedikazioa, konstantzia eta norberaren eraikitzea.

Namaste.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide