Izenburuak argi adierazten duen bezala, orgasmoaren arrakalaz hitz egingo dut gaur, La brecha orgasmica liburuan oinarriturik. Batik bat, praktika edo harreman heterosexualetan dagoen arrakalaz. Ikerketa
askok erakusten dute harreman heterosexualetan emakumeek orgasmo askoz gutxiago dituztela eta ikerketa horiei guztiei genero ikuspegia gehituz, ondorioztatzen da ez dela biologikoa. Hau da, gizarte matxista eta androzentrikoaren ondorioa dela.
Androzentrismoarekin zera esan nahi da, gizona erdian jartzen duen mundua ulertzeko begirada. Ikuskera hori genero ezberdintasunaren ondorio bat da. Sistema honetan, begirada maskulinoa unibertsalizatzen da, beren ezaugarri, behar, arazo, kezka, zailtasun eta desirekin; emakumeak eta beraien desira, ezaugarri, beharrak... baztertuz. Beraz, maskulinoa dena bilakatzen da neutro edo unibertsal. Horren guztiaren ondorioz, gizartean gai batzuk gehiago interesatzen dira, eta egoera batzuk kezkak sortzen dituzte edo eztabaidatzen dira. Baita sexuarekin erlazioa duten gaietan ere, hala nola orgasmoaren arrakala.
Sexua koitoan zentratzeak arazo larriak dakartza, ez pertsonon sexualitate aukerak mugatzen dituelako soilik, baizik emakumeen gehiengoak ez duelako praktika horrekin edo horrekin bakarrik orgasmorik lortzen. Azken ideia hori, goiko paragrafoarekin lotzea garrantzitsua da, hots koitozentrismoa androzentrismoaren ondorioa dela ulertzea. Soilik horrela ulertzen baita emakumeen gehiengoak orgasmoak edukitzen ez dituen praktika bilakatzea sexuaren praktika gorena. Eta nola ez, emakumeen gehiengoak orgasmoak edukitzeko gainontzeko praktikak gehigarri edo preliminar kontsideratzea. Are gehiago sexuaren funtzioa erreprodukziotik aldentzen joan denean.
Ona hemen datu batzuk: 2016an Espainian eginiko ikerketa batek dio emakumeen %52,6k orgasmora iristeko zailtasunak dituztela beti edo ia beti; gizonen artean, berriz, %19,8k. Zailtasunak batzuetan izaten dituzte, emakumeen %45,7k eta gizonen %18k. Eta arazoak ia inoiz ez dituzte izaten, gizonen %80,2k eta emakumeen %47,4k. Egongo da arrakala hori gizon eta emakumeen ezberdintasun biologikoetan oinarritzen duenik, baina 2017n AEBtako beste ikerketa batek argitzen du bidea. Galdeketa horretan, orientazio sexuala ere kontutan hartu baitzen. Bertan, azken hilabetean sexu praktika heterosexualak izandako gizonen %95ek beti edo ia beti eduki zuten orgasmoa, eta emakumeen kasuan, %65ek. Erlazio homosexualetan, berriz, gizonen %89k eta emakumeen %86k.
Datu horiek argudio biologizista ezeztatzen dute, bestela gizon homosexualen %100ek eduki beharko lituzkeelako beti orgasmoak, eta ez gutxiagok. Beraz, gakoa generoan dagoela esan genezake. Hau da, emakume bezala hezi den pertsona; besteen zainketarako eta onespenerako sozializatzera bideratu dena. Edo gizon bezala hezi dena, norbere buruari begiratzera bideratua den gure kidea. Oraingoan ere, eredu matxista baten ondorio da arrakala, eta berriz zaintza egozten zaion emakumezko gorputza da kaltetua.
Beraz, badugu zer pentsatu gizon bezala erlazionatzen garenok, gehiago harreman heterosexualak ditugunok. Eta gogoratu, mihia, hamar hatz eta imajinazioa baditugula kidearen/kideen plazera lantzeko.